Garai berrietara egokitzeko, Gaztedi Busturialdea ekimenak surf entrenatzaile izateko ikastaroa antolatu du irailean zehar. Eskualdeko ugari dira euren udako oporraldian surf eskoletako monitore lana egiten duten gazteak, eta hauei espresuki bideratutako ikastaroa eskaini nahi diete. Bada, eta alde teorikoaz aparte, alde praktikoa ere izango da, Mundakako olatu gainean arituko direlarik. “Ikastaroa irailaren amaieran hasiko da, eta interesa dutenek, izen emotea bi zatitan egin beharko dabe datozen asteetan”: lehendabizi, eta abuztuan zehar, Gaztedi Busturialdea posta elektronikora idatzita, info@gaztedibusturialdea.eus helbidean. Bigarrenez, irailaren 1,2,7 eta 8an, Bilboko Harrobia Lanbide Ikastolan, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 14:00ak arterako ordutegian.

Azaldu dutenaren arabera, ikastaroa hiru bloketan banatzen da: bloke komuna, bloke espezifikoa eta praktikaldia. Edukiak hurrengoak dira: on line egingo den bloke komunari dagokionez, kirol-portaeraren oinarriak, lehen sorospena, egokitutako jarduera fisikoa eta desgaitasuna edota kirol-antolaketa bezalakoak izango dira. Bloke espezifikoaren atalean, presentziala izango dena, trebetasunen garapena surfean, surfaren irakaskuntza, segurtasuna surfa irakasten, surfeko materiala, legedia eta konpetizioa izango dira gaiak. Azkenik, praktikaldiari dagokionez, surfa praktikatzeko eskualdean den altxorretako batean murgilduko dira, Mundakako olatuan. Ikastaroa burutu ahal izateko sarrera froga egin beharko dela aurreratu dute. Irailaren 23an dute hitzordua jarrita Mundakan, arratsaldeko 17:00etan. “Federazioaren edo federazioak baimentzen dituen kirol-elkarteen jardueretan 150 orduko iraupena” duen saioak egingo dituzte.

Lehenengoz emango den ikastaroa izena eman ahal izateko, “DBHko titulazioa edo baliokidea gaindituta izan behar da eta ikasleak euskaldunak izan beharko dira, ikastaroa euskeraz izango baita”. Bestetik, ikastaroa burutu ahal izateko, sarrera froga bat egin beharko da. Busturialdeko landa garapenerako elkarteko Urremendik, eta Gernika-Lumo eta Bermeoko Gazteria Zerbi-tzuek osatutako Gaztedi Busturialdea ekimenetik azaldutakoaren arabera, “prestakuntza osorik jaso eta beharrezko azterketak gaindituta, surf modalitateko I.mailako entrenatzaile-diploma ziurtagiri ofiziala jasoko dabe ikasleek”. Azkenik, eskualdean erroldatutako gazteek dirulaguntza izango dabe matrikularen prezioa ordaintzeko.

Ekimenari buruzko informazio gehiago behar izatekotan ikastaroa antolatzen duten elkarteekin harremanetan jarri beharko da, info@gaztedibusturialdea.eus helbidera idatzita edo 946257609 (Urremendi), 946179158 (Bermeoko GIZ) edota 946270215 (Gernika-Lumoko GIZ) telefono zenbakietara deituta.