Bizkaiko Ogasunak ia 5.500 milioi euro bilduko ditu uztailera arte
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Ogasunak 5.496,4 milioi euro bildu ditu uztailera arte zerga itunduen bidez. Emandako datuen arabera, aurreko urteko aldi berean baino % 11,1 gehiago bildu da. Zenbateko horretatik, 2.821,7 milioi euro zuzeneko zergen bidez bildu dira (aurreko ekitaldian baino % 10,4 gehiago). Kontzeptu nagusien artean, PFEZek (2.093,4 M€) % 8,6 egin du gora eta Sozietateen gaineko zergaren diru-bilketa (555,9 M€) % 21,8 igo da.
Zeharkako zergak
2022ko lehenengo zazpi hilabeteetan, zeharkako zergen bidez 2.194,4 milioi euro bildu dira; kopuru hori % 7,8 igo da 2021eko epealdi beraren aldean.
Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiekin bigarren doitzea egin ostean atera da zenbateko hori; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ordainketak % 19,4 igo dira, 943,5 milioi eurora helduz. Zenbateko horretatik, Gipuzkoak 669,4 milioi euro jaso ditu eta Arabak 274,1 milioi euro. Zergak banakatuta, 643,5 milioi euro BEZa doitzeari dagozkio eta 300,0 milioi euro zerga berezien doikuntzei.
Doikuntzak eginda, beraz, BEZaren bidez 1.498,6 milioi bildu dira, 2021ean baino % 7,9 gehiago; zerga bereziei dagokienez, bestalde, hidrokarburoen gaineko zergaren bidez 481,1 milioi bildu dira (% 8,1 gehiago), elektrizitatearen gaineko zergaren bidez 5,2 milioi (% 68,6 gutxiago) eta tabako-laboreen gaineko zergaren bidez 91,8 milioi euro (% 18,4 gehiago).
Halaber, azpimarratu behar da, uztailean lehen aldiz likidatu dela, kontzertazioaren ostean, zenbait eragiketa digitalen gaineko zerga; horren bidez 1,4 milioi euro bildu dira.
Tasen eta beste diru-sarrera batzuen bidez 37,1 milioi euro bildu dira uztailera arte, hau da, horien bidez bildutakoa % 4,8 gehitu da.
Estatuarekin hiru hilean behingo doikuntzetako bigarrena egin eta gero, kontzeptu horregatik urtean pilatutako datu hauek eman dira: Bizkaiak 646,3 milioi euro jaso ditu BEZaren zioz eta 203,2 milioi euro ordaindu ditu zerga berezien zioz.