Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta bi urteko etenaldia egin behar izan ondoren, Elorrioko Udalak Ferixa Nausikoa berreskuratu egingo du aurten. Irailaren 3tk 11ra bitartean ospatuko da. Dagoeneko egitaraua aurkeztu egin du Udalak.
Herriko jaiak hasteko aste gutxi falta direnean, Elorrio prestatzen ari da irailaren 3tik 11ra jende guztiaren gozamenerako diseinatutako jai eredu inklusiboan oinarritutako kultur programa jasotzeko. Bi urteko etenaldiaren ostean, 9 egunez, Ferixa Nausikoek musikaz, azokaz, ikuskizunez, kalejiraz, gastronomiaz eta kirolaz beteko dituzte herriko kaleak.
“Esan genuen moduan aurten berriro ospatuko ditugu Ferixa Nausikoak, eta inoiz baino gogotsuago gatoz. Itxaron behar izan ditugun bi urte hauek luzeak izan dira, baina indarrak eta ideiak hartzen eta guztiok gustura sentiaraziko gaituen kultur programa diseinatzen lagundu digute. Elorrioko Udalak bereziki azpimarratu gura du ez duela inolako eraso matxistarik onartuko, eta herritarren konpromisoa eskatzen du edozein erasori aurre egiteko: ez gaitezen konplize izan eta salatu ditzagun jarrera matxistak, gizalegearen aurkakoak eta errespeturik gabekoak” adierazi du Julene Lazkano Jaietako zinegotziak.
Kainabera elkarteak emango die hasiera 2022ko Ferixa Nausikoei, elorriarren aurrean txupina jaurtiz eta pregoia irakurriz, larunbatean, hilak 3, 20:00etan, plazan. Ohitura denez, txosna gunea irailaren 2an irekiko da, 20:00etan, eta 22:00etan Zeker, Liher eta The Potes taldeen kontzertuak egongo dira, jaien hasieraren bezpera girotzeko. Ferixa Nausikoak irauten duten 9 egunetan jarduera eta ikuskizun ugari izango dira goizetik hasi eta gauera arte.
Su Ta Gar eta Puro Relajo dira, hurrenez hurren, kontzertuen kartel buru hilaren 9 eta 10ean, baina ez dira kontzertu horiek jaietako plater nagusi bakarra izango. Jaiei izena ematen dion azoka tradizionala ere itzuliko da, bai eta danborrada, suzko zezena, lehiaketa gastronomikoak, jaitsiera, koadrilen arteko jolasak, ume eta gazteentzako jarduerak, kontzertuak, show-ak, ikuskizunak, musika, kirola, sukalki eguna, bertsoak, idi probak eta beste hainbat ekitaldi ere.
Jarduerak irailaren 2tik 12ra bitartean izango dira, eta mota guztietako ekitaldiak egongo dira egunero.
Eraso matxistarik gabeko jaiak
Herritarrak, batez ere gizonezko gazteak, eraso matxisten aurrean inolako tolerantziarik ez izateko kontzientziatzeko, sentsibilizazio-kanpaina diseinatu da eta hainbat ekintza egingo dira.
Alde horretatik, Ferixa Nausikoak hasi aurretik, abuztuaren 30ean, asteartea, sei orduko iraupena izango duen eta Neska* Gazteak taldeak antolatutako “Autodefentsa feminista jaietan” tailerra egingo da Ametsolan. Parte hartzeko, 16 urte edo gehiago izan beharko dira eta aldez aurretik izena eman beharko da Parra, Porta edo Bikale tabernetan.
Gainera, irailaren 2an, 18:00etatik 21:00etara, indarkeria matxistarik gabeko jaietarako informazio gune bat instalatuko da.
Arlo horretan, Elorrioko Udaleko Berdintasun, Jai eta Gazteria Sailek ekainaren amaieran “ez izan tipo hori” lelopean egindako bideoa gogorarazi dute. Bideo horretan, herriko 14 gaztek mezu sendoa helarazi diote gizarteari, argi utziz Elorrion eta beste inon ez direla onargarri emakumezkoen aurkako erasoak.