Koronabirusaren pandemia dela eta azkenengo bi edizioak (2020koa eta 2021ekoa) bertan behera utzi behar izan ondoren, Orozkoko Udalak San Antolin jaiak berreskuratuko ditu aurten, abuztuaren 31tik 4ra bitartean.

Gauak girotzeko, hainbat musika emanaldi egongo dira, The Van (abuztuak 31), Akerbeltz (abuztuak 31), Hilean Bariku Bat (irailak 1), Akatz eta The Cherry Boopers (irailak 2), DJ The Andras Show (irailak 2), Dj Oihan Vega (irailak 2), Boikot (irailak 3), Suaia & Dub Akustik eta Stepi Selektah (irailak 3), DJ Markelin (irailak 3), Trikidantz (irailak 4), DJ Uxun & Tatun (irailak 4), alegia.

Aipatzekoa da hainbat norgehiagoketan lehiatzeko aukera izango dutela orozkoarrek; paella txapelketa, kaleko pintura lehiaketa, mozorro txapelketa, mus-azkar txapelketa, garrafa lehiaketa, mus txapelketa, marmitako txapelketa eta irrintzi txapelketa.

Ibilbide luzeko pregoilariak

1992. urtean sortutako abesbatza da Agate Deuna, hots, 30. urteurrena ospatuko dute aurten. Gaur egun 25 eta 27 kide inguruk osatzen dute abesbatza eta “talde gisa jarraitzea eta beste urte asko bete ahal izatea” da euren helburua. Izan ere, kideen hitzetan, Agate Deunaren lorpenetariko bat taldea sendoa lortzea izan da. Bi urteko etenaldiaren ostean, aurtengo jaiak betiko sanantolinak bezalakoak izatea espero dute, hau da, “parte-hartzaileak, jendetsuak, alaiak eta musikaz beteak”.

Autobus zerbitzu berezia

Aurten ere garraio zerbitzu berezia egongo da jaietan, gauez. Hala, irailaren 2an, ostiralean, Laudiora joango diren bi autobusak 3:30ean eta 5:30ean aterako dira Orozkotik. Autobus horietarako txartelak doakoak izango dira.

Bestalde, irailaren 3an, larunbatean, etengabeko autobus zerbitzua egongo da Orozkotik Laudiora 03:00etatik 07:00etara eta, beste behin ere, tiketak dohainik eskuratu ahalko dituzte interesdunek. Larunbatean Laudiotik Orozkorako autobusak ere egongo dira, 22:30ean eta 23:30ean, eta autobusean bertan eskuratu ahalko dira musu-truk.