Derioko Udalak inbertsio handia egingo du eskola inguruko mugikortasuna eta trafikoa arintzeko obrak egiteko. Horrez gain, eskola alboko aparkalekua parking publikoa bihurtuko dute baita ere. Guztira, 70.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak.
Bi jarduketa egingo dira. Batetik, segurtasuna areagotu eta trafikoa lasaitze aldera, biribilgunetik sarrerarako guneraino sartzeko bidea semipeatonalizatuko da, galtzada espaloiaren mailaraino igoz eta zoladura berezitu batez hornituz, eremu honen egonaldi-izaera nabarmentzeko. Honela, segurtasuna hobetuko da, trafikoa kenduz etasarrera eskolako zerbitzu-ibilgailuetara bakarrik mugatuz.
Eta bestetik, bigarren jarduketaren bidez, Eskolaren osagarri izango diren umeentzako jolasetarako gune bat sortuko da, bi hezkuntza eraikinen artean geratzen den bideeremuan esku hartze txiki bat eginez, Eskolako sarreratik haratago. Zoladuran margotutako jolas gune bat jarriko da jauzi, ariketa eta marren jolasekin. Beste eremu batean, kautxuzko segurtasun zoru baten gainean, material bereko muinoak eta jolas fisikoak jarriko dira, hala nola rokodromo txiki bat, zabu aulki malgukidun bat edo oreka-enborrak, besteak beste. Gunean bizikletentzako aparkaleku estali bat ere jarriko da.
Kamioien aparkalekua birmoldatuko da
Eskola ingurua hobetzeko neurriez gain, kamioien egungo aparkalekua ere birmoldatze ari da Udala, era guztietako ibilgailu arinentzako erabilera berri bat emateko. Jarduketa honek 48.000 euroko inbertsioa suposatzen du, eta Udalaren Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planean (HMJP) jasota dago. Aparkaleku publikoak 138 plaza izango ditu, horietako 4 egokituta, eta derioztarrentzat irailean irekita egotea aurreikusten da.
“Herritarren aldarrikapen bati erantzuteaz gain, jarduketa hauek mugikortasuna hobetzeko, trafikoa arintzeko eta irisgarritasuna bermatzeko balioko dute, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorri handiko eremu batean. Ibilgailuen trafikoa hobeto arautzeko eta ikasleen, hezkuntza-komunitateko profesionalen eta ikastetxeko gurasoen segurtasuna bermatzeko aukera emango digu, euren seme-alabak ikastetxetik sartu eta irteten direnean. Haien segurtasuna lehentasuna da guretzat”, azpimarratu du Esther Apraiz alkateak.
Jarduketa guzti hauek Udala ikastetxeen inguruan mugikortasun iraunkorra sustatzeko jarraitzen ari den estrategiaren ondorio dira. Obrak amaitutakoan, Udalak ikastetxeko langileei eta Eskolara hurbildu ohi diren familiei aparkaleku berria erabiltzera gonbidatzen die.