Igande honetan, uztailaren 31n, amaituko dute Maulen, Iparraldean, uztailaren lehen egunean ekin zioten abenturari. Ehunka herri bisitatuta eta milaka esperientzia bizita heldu zieten atzokoan Euskal Herria bertatik bertara ezagutzeko bidaiaren azken txanpari. Getxon euren bidaia amaitu aurretik, bidean Bizkaiko zenbait txokoa ezagutzen ari dira. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatutako Busturiako BBK Klima Abentura bisitatu zuten bere 128 parte-hartzaileak. 16 eta 17 urteko gazteek aukera paregabea izan zuten Busturiako parkea ireki berria ezagutzeko eta bide batez honek planteatzen dituen hiru erronkei –ura, energia eta janaria– aurre egiteko. Jasangarritasunean eragiteko gune berezia da BBK Klima Abentura, proposamen horretan gaztetxoak jolasaren bitartez hezteko espazio aproposa. Eta zeregin hori ederki asko bete zuten.
EuskArabenturako bi partaideetakoak dira Unat Agirre sopeloztarra eta Amaia Gaubeka elorriotarra. Eta euren arduradun da Lide Arrieta Iruñeko Errotxapea auzoko gaztea, “familia urdina” deritzon taldekoa. “Esperientzia paregabea izaten ari” direla nabarmendu zuten hirurek, “gutxienez, bizitzan behin bizi behar dena. Oso ondo pasatu dugu eta Euskal Herriko hainbat txoko ezagutu. Baita herrian herriko pertsonak ezagutu ere”, zioten bizkaitarrek. Helburu ezberdinak ditu ekimenak –gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea, Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturala gazteen artean ezagutzera ematea eta balore positiboak transmititzea– eta guztiak “bete” dituztela adierazi zuten. Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik etorritako gazteek Urdaibai ezagutzeko aukera izan dute. “Lehendik ere jakin bagenekien zer den Urdaibai, non dagoen. Baina BBK Klima Abenturan izatea ederra izan da”. Esperientzia “oso aberagarritzat” jo zuten.
“Ni iazkoan naranja jantzita –parte-hartzaileek daramaten kamisetaren kolorea– etorri nintzen eta oraingoan errepikatzea nahi nuen, familia urdinean kasu honetan. Eta oso polita izaten ari da gure artean daukagun erlazio onagatik”, zehaztu zuen Arrieta nafarrak. “Kontua da uda partean lagun berriak egin eta Euskal Herriko txokoak ezagu-tzea ederra izaten ari dela”, zioen. “Egunero euskal giro baten murgiltzeko aukera izan dugu”, esan zuen Agirrek. “Egia esan, orain arte bizitako 28 egunak oso azkar joan zaizkigu, ia erreparatu gabe”. Gaubekaren aburuz, “ongi pasatzen ari garen seinale da” egunak “hain labur” egitea. Denbora oso azkar doa eta egunero izaten dugu zer ikusi”.
BBK Klima Abentura jolas-parkeak ere oraintsu ireki ditu bere ateak. Uztailaren hasieran hasi zen bere zereginetan. Orain arteko balorazioa “oso positiboa” izaten ari dela azaldu zuten. Eta atzo BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasola izan zen neska-mutikoei ongi etorria emateko arduraduna. Bere hi-tzetan, Busturiako guneak “kontzientziatu, sentsibilizatu eta bizimodu jasangarriak sustatu nahi ditu. Klima-aldaketaren aurka jarduera global bat modu ludikoan bultza-tzeko jarduerak eskaintzen dituen lehen esperientzia-parkea eta ingurumen-hezkuntzako zentroa da”. Horretarako bereziki ekipatutako gunea da –tirolinak, arboretuma, scape room, domoa...–, hiru erronka –ura, energia-mugikortasuna eta janariari buruzkoak– betetzea du helburu. Goiz eta arratsaldean hara eta hona aritu ziren EuskarAbenturakoak, diwo delakoak lortzeko erronkan.
Euskal Herrian zehar 700 kilometroko bidea amaitzeko prest dira EuskarAbenturako gaztek. Esperientziaz betetako bidaia, Urdaibai ezagutzeko aukera izan dute. Eta horretan jarraitzen dute: gaur Gernika-Lumora bidaiatuko dute, Batzar Etxea ezagutzera.