“Bermeoko ekonomia berraktibatzea eta tokiko kontsumoa sustatzea”. Horiek izango dira biharko, uztailaren 29rako, lehenegoz antolatu den Xixili Eguneko helburuak. Elkarlanean egindako egun honen ezaugarri nagusia da establezimenduek “askatasuna izango dutela egunean zehar nahi dutena egiteko. Batzuk kanpoaldean jarriko dute euren produktua, beste batzuk eskaintza bereziak egingo dituzte Xixili Eguna dela eta, beste batzuk pintxoak eskainiko dituzte, zuzeneko musika emanaldiak…”, adierazi zuen Kepa Zumeta Merkataritza zinegotziak. Guztira 40 establezimenduk hartuko dute parte jardunaldi berezian.

Antolatzaileak –Berton elkartean parte hartzaile direnak– pozik agertu dira Xixili Egunaren antolaketarako egindako lanekin. Jardunaldian zehar dendak eskainiko dituzten sorpresez aparte, egunean zehar, giroa alaitzeko helburuarekin musika egongo da herriko kaleetan zehar. Honela, 18:00etatik 20:00etara Bermeoko merkataritza eta ostalaritza gune ezberdinetan musikaz gozatu ahal izango dugu eta, ondoren, 20:00etatik 21:30etara, Lamerako kioskoan eta Erreten Lameran taldeak egongo dira entzungai”. Gainera, herritarrek Instagram sare sozialaren bidez egingo den argazki txapelketan ere parte hartu ahal izango dute. “Txapelketa honen helburua izango da Xixili Eguna modu egokienean irudikatuko duen argazkia egitea. Herritarrek parte hartzeko argazki bat egin eta #XixiliEguna traola jarri beharko dute. Argazkiak aurkezteko eguna uztailaren 29a izango da, eta saria irailaren16an emango da”.

Azkenik, 20:00etatik aurrera nagusientzako kale antzerkia izango dugu Goiko Plazan –Hotzmuga Teatroren Bidearen amaiera– eta egun osoan zehar, 11:00etatik aurrera, urtero egiten den Bermeoko Liburu eta Disko Azoka egingo da. Zumeta zinegotziak zehaztu zuenez, “herriko merkataritzari beharrezko duen sostengua” emateko eguna izango da biharkoa. “Merkatari eta ostalariek antolatutako eguna” da berau, “euren denda eta saltokietan kontsumitzeko. Izan ere, bertoko merkataritzari egin diezaiokegun mesederik hansiena da herrian erosketak egitea. Egunean zehar betiko kalitatezko produktuak erosteko aukera paregabea izango dela” nabarmendu zuen Zumetak.