Karmele Mitxelena Etxebestek idatzitako Marrubizko uda nobelak irabazi du 2022ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du Udalak ematen duen 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamabigarren ekitaldia izan da aurtengoa. Miren Agur Meabek irabazi zuen duela bi urte, eta iaz antolatu gabe geratu zen. Dozena bat lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Karmele Mitxelenak idatzitako eleberria hautatu du epaimahaiak. Marrubizko uda izeneko istorio honek familia baten xelebrekeriak kontatzen dizkigu kanpin batean uda-pasa, umorez eta ironiaz blai.

Karmele Mitxelena Etxebeste Oiartzunen jaio zen 1988an. Irakasletza eta Haur Hezkuntzako gradua ikasitakoa da; irakasle lanetan dabil, eta horrez gain sari ugari irabazitakoa bai bertsolaritzan bai narratiban. 2019an Erakusleihoan album ilustratua argitaratu zuen.

Aurten hamabigarren edizioa izan da eta lehen sariduna Asier Mendoza Beste gu eleberriarekin izan zen. Julen Gabiria, Gaizka Arostegi, Irati Bediaga, Patxi Zubizarreta, Arrate Egaña, Xabier Olaso, Lur Gallastegi eta Miren Agur Meabe izan dira beste saridunak.