Santurtziko Udalak ezagutzera eman du asteburu honetan ostiralean konkretuki, hasiko diren Karmengo jaietako programazioa. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, bi urtez etenda egon dira jaiak, baina aurten berreskuratu egingo ditu Santurtzik. Jaiak uztailaren 8tik 17ra bitartean ospatuko dira.
“Beti bezala, eskuz esku lan egin dugu Jai Batzordearekin, herriko elkarteekin, erakundeekin, Santurtziko txosnagunearekin, kultur taldeekin eta kirol klubekin jarduera hauek programatzeko, ahalik eta jende gehienarengana iristeko. Eskertzekoa da talde horien guztien inplikazioa, horiek gabe ezinezkoa bailitzateke programazio hori guztia, benetako dinamizatzaile lana egiten baitute eta protagonista nagusiak baitira, gure herriari bizitza gehiago emanez, 10 egunez” azaldu du Itsazain Ortolatxipi Kultura eta Euskara zinegotziak.
Hortaz, hamar jai-egun horietan, Santurtzik publiko guztiari zuzendutako 150 jai-ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu, baita hogei bat kontzertu ere, eta Serantes Kultur Aretoaren programazioak ere jarraituko du “Si las mujeres mandaran” lanarekin.
Oraingo honetan, eta jaiei hasiera emateko, omenaldia honako hauei egingo zaie: Zugaitza dantza taldeari, 1974an sortutakoa bera, eta Muy Verdad kuadrillari, herriko jaietan parte hartzen eman dituzten hamabost urteengatik, eta arratsaldean, Itsasalde eta Juan XXIII kaleetako ostalaritza lokalek 1000 kilo sardina baino gehiago erreko dituzte eta doan banatuko dizkiete santurtziarrei eta jaietara hurbiltzen diren guztiei.
Karmengo jaietako kontzertuak dira arrakasta gehien lortzen dutenak, gauero eta doan egiten direnak arrantza portuan. Kontzertuetan mugikortasun urria duten pertsonentzako gune bat dago, aulki gurpildunetan sartzeko. Interesdunek ADISA elkartearekin jarri behar dute harremanetan mugatuta dagoen gune horretara sartu ahal izateko.
Aurten, honako hauek izango dira kontzertuak:
- Ostiralean, uztailaren 8an (23.00etan): “Itsasalde Txistulari Taldea” Santurtziko Txistulari Banda eta Roberto Moso. Pantalanetan Nueva Alaska orkestraren berbena izango da (23:00etan).
- Larunbatean, uztailak 9 (22.00etan): “ACMUSIC” Serantes Musika Kultur Elkarteak aukeratutako herriko bandak: Ruta 8, Kotta eta Alma Culter.
- Igandean, uztailak 10 (22.30etan): “Unión Musical Vizcaína” Santurtziko Musika Banda eta Sorotan Bele.
- Astelehenean, uztailak 11 (23.00etan): Álvaro de Luna.
- Asteartean, uztailak 12 (23.00etan): Zetak y Bulego.
- Asteazkenean, uztailak 13 (23.00etan): Nil Moliner.
- Ostegunean, uztailak 14 (23.00etan): Carlos Baute.
- Ostiralean, uztailak 15 (23.00etan): MClan.
- Larunbatean, uztailak 16 (22.45etan): Orquesta Vulkano.
- Pantalanetan ere izango dira emanaldiak, hala nola, Ira eta Nativaren kontzertuak uztailaren 12an (22:30ean), El Último ke cierre 14an (22:30ean) eta Blue hole, Etxando pestes, Gomad!& Monster 15ean (22:30ean)
Itsas prozesioa
Karmengo egunean izango dugu berriro itsas prozesioa, ehun urte baino gehiagoz urtero egin den jaietako ekintzarik bereziena. 30.000 pertsona baino gehiago joango dira udaletxean 18:00etan hasiko den ibilbidean zehar, eta ehun ontzik baino gehiagok lagunduko dute itsasora irteten.
Egun honetan, su artifizialak ere izango dira, 22:30ean Burdinazko Kaitik.
Kultura eta Euskara zinegotziak aipamen berezia egin nahi izan dio kuadrilla-mugimenduari -aurten, 54 kuadrillak eman du izena-; izan ere, kuadrillak festetan erreferente dira, jaietako programazioaren zati batean inplikazio handia dutelako eta egunero egiten diren probetan parte hartzen dutelako, baita igandean, hilak 17, egiten den Gorkak banatzeko ekitaldian ere, zeina Mentxuren agurraren aurreko ekitaldia baita.
Azkenik, gogoratu behar da aurten ere Santurtziko Udalak laguntza-zerbitzu bat jarriko duela abian, parke nagusitik, hala eskatzen duten pertsonentzat, bai eta nerabeen alkoholaren prebentzioari buruzko informazio-karpak, kaleko hezitzaileak eta Gune more bat ere, salaketa egiteko, zalantzak argitzeko eta indarkeria matxistaren aurkako materialak banatzeko informazio-karpa.
Jaiek bultzada ekonomiko handia ekartzen diote herriari; izan ere, hamar egunez, 300.000 eta 400.000 pertsona bitarte hartzen ditu, eta horrek eragina du udalerriko kalez kaleko ekonomian.