Ostiral honetatik aurrera, uztailak 1, zabalik dago Burujabetasun zelaian kokatutako Bermeoko udako liburutegia. Irakurzaletasuna sustatzeko helburu duen etxola hau hilaren 29ra arte egongo da zabalik.

“Gure helburua da jendeak udako egunak irakurtzeko ere erabiltzea. Hondartza edo zelaia bera toki paregabeak dira irakurtzeko eta uste dugu lehen aldiz martxan jarri dugun ekimen honek oso harrera ona izango duela”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.

Bertan dagoen materiala edozein bermeotarrek hartu ahal izango du. Liburutegiko bazkide ez denak ere bertan bazkide egiteko aukera izango du. Beharrezko paperak bete, liburutegira eraman eta zerbitzua erabili ahalko du. Noski, helduentzako eta umeentzako materiala egongo da bertan, irakurzaletasuna adin guztietan sustatzea baita helburua. Ordutegia honakoa izango da astelehenetik ostiralera:

  • Goizez: 11:00-14:30
  • Arratsaldez: 15:30-19:00

HAMAIKA AUKERA BISITARIARENTZAT

Bestalde, Bermeok, urtero bezala, eskaintza turistiko zabala eskainiko dio bisitariari. Izan ere, bermeotarrek eta kanpotik bisitatzen gaituztenek hamaika aukera aurkituko dituzte herrian. ‘Bizi Bermeo 2022’ izenpean, hainbat ekimen antolatu dira: arrain kontserbak lantzen dituzten enpresetara bisitak, hegaluze eta hegalaburrari buruzko tailerrak, Arrantzaleen Museoan egingo den Izaro erakusketa ikusteko aukera, itsasontzian irteerak, Topabermeo Escape Village-Yinkana, Bermeo Tuna Pintxo Tour… eta askoz ere gehiago!

“Bermeok aukera polit eta oso ezberdinak aurkeztuko dizkio bisitariari uda honetan. Herrian bada asko ezagutzeko! Gaur aurkezten dugun eskaintza oso zabala da eta adin guztietara bideratutakoa. Balioan jarri nahiko nuke harreman publiko-pribatua. Izan ere, eskutik aurkezten dugun eskaintza da gaurkoa. Uste dut oso garrantzitsua dela administrazioa enpresa pribatuekin elkarlanean aritzea, ahalik eta eskaintza hoberena lortzeko. Eskerrak eman nahiko nizkieke Udalarekin batera hau guztia posible egin duten pertsona eta enpresei. Beraien lanik gabe ezinezkoa izango litzateke hau guztia lortzea”, adierazi du Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumetak.

“Noski, eskerrak eman nahiko nizkieke nirekin batera gaur hemen daude Bermeo Tuna World Capital-i eta Rural Kutxari. Lehenak lan paregabea egiten du atuna balioan jarri eta honen arrantzaren eta kontserba enpresen mundua herritarrei hurbiltzeko. Bigarrenak, aldiz, sareginen eta neskatilen lana gertutik ezagutzeko aukera posible egingo du. Izan ere, Rural Kutxaren laguntzari esker uda honetan ekimen hau %100ean egin ahalko da. Bisitak segurtatuta egongo dira beraien aportazioari esker”, gehitu du Zumetak.