Síguenos en redes sociales:

Ermuak 'Terrorismoaren 60 urte Espainian prentsaren bidez' erakusketa jasoko du

Datorren ostiraletik aurrera, ekainak 17, eta uztailaren 24ra bitartean, Ermuko Izarra Centre eraikinak 'Izua azaletan. Terrorismoaren 60 urte Espainian prentsaren bidez' izeneko erakusketa jasoko du. Inaugurazioa ostiralean bertan izango da, goizeko 11.30ean, eta erakusketa ikusgai egongo da astelehenetik igandera 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Sarrera doakoa izango da.

Erakusketaren edukiak Espainian biktimak eragin dituzten erakunde terrorista guztiak hartzen ditu barne, 1960tik hasi eta 2021eko apirilaren 21era arte, egun horretan hil baitzituzten David Beriain kazetaria eta Roberto Fraile kameralaria Burkina Fason, atentatu yihadista batean. Erakusketa-proiektua 30 modulutan oinarritzen da. Bertan, atentatuek eragindako errealitatearen aurrean jartzen gaituzten egunkarietako azalak jasotzen dira, baita biktimen familiek lagatako eta/edo indar terroristei konfiskatutako objektuak eta argazkiak ere.

Gainera, sei metroko lau binilo egin dira bereziki Ermurako, 1997ko uztailean ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta erail zuenean gertatutakoak ardatz hartuta.

Azken batean, erakusketa terrorismoaren historiara hurbiltzen da biktimen ikuspegitik, bisitatzen duten pertsonekin konplizitatea bilatuz eta kaltetuei omenaldia eginez.

Florencio Domínguez Terrorismoaren Biktimen Memorialaren zuzendariak adierazi duen bezala, "erakusketa berezia da, kazetaritza-izaera nabarmenekoa, prentsak terrorismoaren aurka duen konpromisoa adierazten duena, atentatu bakoitza bere azaletan salatuz eta kontatuz". Izan ere, komunikabideetako profesionalak terrorismoaren historiaren lekuko pribilegiatuak izan ziren.