Aurreko urtean baino 224 irteera gutxiago egin behar izan zituen 2021ean Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Iltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak. Guztira, 5.692 esku-hartze egin behar izan zituzten 2021ean.

Pasa den urteko jarduketa guztiak aintzat hartuta, 10etik 6 (3.424 irteera) erreskateak eta salbamenduak izan ziren. Esku-hartzeen % 29 (1.638 irteera), ordea, suteak eta gainerako % 11 (639 irteera) laguntza teknikoak, hala nola galtzadak garbitzea ala likido eta gasen prebentzio edo isurien operatiboak. 2020an 3.012 irteera (% 51) salbamendu-jarduerekin edo -zerbitzuekin lotuta egon ziren, 1.542 irteera (guztien % 26), berriz, laguntza teknikoek bultzatuta eta sutea zela-eta, 1.362 irteera (% 23) egin ziren.

Erregistratu diren datuen arabera, aurreko ekitaldikoekin alderatuta, 2021. urtean datuak honako moduan aldatu dira: erreskateak eta salbamenduak % 13,7 hazi dira, suteak, ordea, % 20; laguntza teknikoei dagokienez, % 59 jaitsi dira. Alde hori azaltzeko, covid-19aren pandemiak sortu dituen osasun-krisiaren ondorioei erreparatu behar zaie. Ildo horri eutsiz, lehenengo bi magnitudeek 2020. urtearekiko jarduera gehitzearekin zerikusia dute, eta azkenekoa adinekoen egoitzak desinfektatzeari lotuta dago.

Zerbitzua osatzen duten 8 parkeetan, joan den urtean irteera gehienak Ortuellako Uriostek (1.848), Leioako Artazak (1.186) eta Basaurik (924) izan zituzten, eta atzetik datoz, hurrenez hurren, Iurreta, Derio, Gernika-Lumo, Zalla eta Markina.

Barakaldon esku hartu zen gehien (574), gero, Getxon (489), Santurtzin (436), Leioan (291) eta Portugaleten (237). 2021ean 100 esku-hartze baino gehiago beste udalerri hauetan egin dira: Basaurin (181 irteera), Galdakaon (179), Sestaon (162), Erandion (161), Trapagaranen (157), Mungian (136), Gernika-Lumon (133) eta Durangon (118). Zenbaki horiek kontuan hartuz gero, irteeren kopuruak arreta jaso duten herritarrekiko zuzeneko proportzioa du.

Irteera gehienak urtarrilean (% 15), ekainean (% 9,7) eta uztailean (% 9,8) gertatu ziren. Bestetik, urteko egunen % 57an (207 egun) Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen parke guztiek batera hartuta egunean 11 eta 20 zerbitzu bitartean eman zituzten. Beste 83 egunetan (egunen % 23) 21 eta 35 irteera artean izan ziren. Era berean, lanaldi bakarrean eguneko esku-hartzeen kopuru handienari erreparatzen badiogu, azaroaren 29a izan zen. Egun hartan euriteak zeudelako guztira 65 esku-hartze izan ziren. Lurraldeko zenbait puntutan 200 litro/m2 gainditu ziren, eta Kadagua nahiz Nerbioiko arroak hainbat puntutan gainezka egin zuten. Hala, Foruko Suhiltzaileen Zerbitzuak erreskate ugari egin behar izan zituen, ura xukatzeaz gain.

BERRIKUNTZAREN ETA JASANGARRITASUNAREN ALDEKO APUSTUA

Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak apustua egiten du berrikuntzan oinarritzen den foruko erreferentziazko larrialdi-zerbitzuaren, lurraldeko eraldaketa digitalean lagunduko duen abangoardiako teknologia erabiltzearen eta jasangarritasunaren alde.

Ildo horri jarraikiz, 2021ean Zerbitzua operazio-eredua berraztertu eta pixkana eguneratzen aritu da. Hala, larrialdietako errealitatera eta egungo garapen teknologikora eguneratu eta egokitu du. Hori guztia berrikuntza irekiaren testuinguruan egin du. Xede horrez, prozesuak edo jarduerak berritu behar izanari buruzko hausnarketa sustatu du lantaldean, eta hobekuntza- nahiz aldaketa-alorrak identifikatu ditu errealitate digital berriak ematen dituen aukerak aprobetxatzeko.

Gainera, Larrialdien Kudeaketako eta Babes Zibileko Zuzendaritzak hausnarketa estrategikoa egin du Foru Aldundiko Larrialdien Zerbitzurako lehen jasangarritasun-estrategia definitze aldera. Azken emaitza modura, 2022-2024 aldirako Jasangarritasunaren Estrategia definitu da, eta hamahiru ekintza ditu hiru ardatzen inguruan: ekologia, gizartea eta oparotasuna.

PREBENTZIOA ETA TREBAKUNTZA

Azpimarragarria da joan den urtean Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Foru Zerbitzuak egindako sentsibilizazio-lana. Hainbat ekintza gauzatu ziren, besteak beste, herritarrei suteen aurkako segurtasun-printzipioak dibulgatzeko ikasgela ibiltaria abian jartzea eta Santurtzi, Igorre, Lekeitio eta Derioko udalerrietara hurbiltzea edo BFire@School Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetarako heziketa-programa garatzea.

Halaber, enpresei aholkuak eman zitzaizkien eraikuntza-konponbideen eta kasu berezietan araudia aplikatzearen gainean. Suteen aurkako segurtasunari buruz teknikariek egindako kontsultei erantzun zitzaien, udalak eta administrazio publikoak aholkatzeaz gain. 14 simulakro gauzatu ziren. Era berean, Prebentzio Atalak bisitak antolatu zituen 18 arrisku-puntuetara eta/edo puntu kalteberetara.

Nabarmentzekoa da langileen trebakuntza: 2021ean ikuskatzaileorde sartu berrientzako ikastaroa irakasteaz gainera, 15 ikastaro eman ziren, besteak beste, honako arlo hauetan: ibilgailu astunak gidatzea, sarbide zaileko eremuetan edo egitura kolapsatuetan erreskateak, larrialdietako psikologia edo sute elektrikoen ikerketari buruzko ikastaro aurreratua.

Zeregin horri erantsi behar zaio azkeneko enplegu publikoaren eskaintzaren ondoren, 2021ean suhiltzaile berrientzako trebakuntza, bai karrerako funtzionarioentzat, bai lan-poltsako suhiltzaileentzat haiek ez daudenean jarduteko. Nahitaezko trebakuntza da, eta zerbitzuan hasi baino lehen gainditu behar da. 24 pertsonako bi talde izan dira, eta hiru hilabetetan 420 trebakuntza-ordu hartu dituzte.

INBERTSIOAK

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak 2021ean 2.624.500 euroko aurrekontua eman zion Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuari. Joan den urtean mugarri bat izan zen parkeen sarea berritzeari dagokionez. Zallako berria inauguratu zen eta Arratzu berrian obra egin zen martxoan funtzionatzen hasteko. Guztira 6,5 milioi euroko inbertsioa egin zen. Gainerako parkeetan milioi euro inguruko hobekuntza-lanak gauzatu ziren. Halaber, eutsi zitzaion ekipamendu eta material zehatzagoak eta seguruagoak erosteari, beraz, arnas ekipo guztiak berritu ziren, amildegira erortzen den kasuetarako erreskate-koltxoia erosi zen eta langileei suak itzaltzeko material berriak eskuratu zitzaizkien, betiere zerbitzu onena ematen jarraitzeko.