Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxo lotuko dituen bulebarra errealitate bat izango da. Bizkaiko Foru Aldundiak 6,5 kilometroko luzera duen trazatu-proiektua aurkeztu berri du, Unai Rementeriaren bidez, zeinak oraingo BI-711 errepidea espazio berri batean eraldatuko duen.

Aurkezpen-ekitaldian, Rementeriarekin batera, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatu Imanol Pradales foru diputatua, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Erandioko alkate Aitziber Oliban, Getxoko alkate Amaia Agirre eta Leioako alkate Iban Rodríguez izan dira.

Rementeriak iraultzailetzat jo du proiektua; izan ere, itsasadarraren ertz osoa bulebar bihurtuko du, pertsonek gozatu dezaten, eta lehenaren eta ondorengoaren arteko muga ezarriko du bizitzeko eta mugitzeko moduan. Halaber, ziur da uraren aurrealdea berreskuratzeak era guztietako aukera berriak sortzen lagunduko duela.

Proiektua exekutatuta, bi helburu lortu nahi dira: batetik, hiria eskuinaldeko fatxadan berroneratzea, itsasadarra gozatzeko espazio gisa hiri-bilbean sartuz, eta, bestetik, mugikortasun jasangarria sustatzea. Horretarako, Aldundiak BI-711 errepidearen plataforma eraldatuko du— gaur egun, motordunen zirkulazioak hartzen du, nagusiki—, mugikortasun jasangarrirako hiri-bide gisa, non motordunen zirkulazio geldoa eta oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna elkarrekin ibiliko diren.

PROIEKTUAREN ALDERDI NABARMENAK

Getxon eta Bilbon dauden oinezkoen eta bizikleten bideekin konektatuta, bulebarrak oinezkoen pasealekurako hiru metroko sekzio bat izango du ibilbide osoan zehar, itsasadarretik hurbilen dagoen bandatik igaroko dena, eta, haren ondoan, lau metroko zabalerako bizikleta-bide bat. Motordunen zirkulazio geldorako galtzada-espazioa, berriz, 6,8 metrokoa izango da. Hiru espaziook behar bezala identifikatuta eta bereizita egongo dira, mugikortasun-modu bakoitza segurtasunez erabil daitekeela bermatzeko. Jakina denez, bulebarra ezkerraldeko bizikleten eta oinezkoen sareekin konektatuta egongo da, Aldundiak Erandio eta Barakaldo artean eraikiko duen zubi mugigarriaren bitartez.

Gaur egungo plataformak espazio nahikorik eskaintzen ez duen tarteetan, behar den espazioa ur-laminaren gaineko plataformen bidez irabaziko da. Trazatuaren 6,5 kilometroetatik, 1,8 kilometro gehiago plataforma eraiki beharko da, hegan edo piloten gainean, zeinek 5,9 metroko zabalera izango duten gehienez ere.

Proiektuan nabarmendu beharreko beste elementu bat: motordunen zirkulazioa kentzea itsasadarraren aurrealdean, Lamiakoko paduretan, 800 metroko tarte batean, non oraingo BI-711 errepidea oinezkoentzako eta bizikletentzako espazio bihurtuko den aisialdirako espazioekin. Horretarako, motordunen zirkulazioa Felipe del Río kaletik bideratuko da.

Azkenik, azpimarratu behar da Asuako (BI-747 errepidearekin) eta Astrabuduako (BI-647 errepidearekin) bidegurutzeak berrantolatzeko proposatu den irtenbidea. Bi bidegurutzeak, gaur egun Tn daudenak, hiri-biribilgune bihurtuko dira, eta bide-zirkulazioaren arintasuna hobetuko dute. Era berean, zirkulazioa baretzeko kontrol-elementuak izango dira.

INBERTSIOA ETA EPEAK

Itsasadarreko bulebarraren trazatu-proiektua informazio publikoaren izapidearen pean jarriko da, datozen egunetan; ondoren, eraikuntza-proiektua egingo da. Eraikuntza-proiektuak —abuzturako aurreikusita dago onartzea— behar den inbertsioa eta eraikitzeko epeak zehaztuko ditu. Dena den, Foru Aldundiak 20 milioi euroko inbertsioa egin beharko dela uste du, eta, haren iritziz, obrak 2023ko apirilean hasiko dira, eta 2024ko bigarren erdialdean amaitu.