Gaztelugatxek 11.704 bisitari izan ditu Aste Santuan

27.04.2022 | 15:36

Bizkaiko Foru Aldundiak Aste Santuko oporraldian Gaztelugatxeko Donienera egndako bisiten balantzea aurkeztu du. Zehazki, 11.704 pertsonak bisitatu dute enklabea apirilaren 9tik 24ra. Eremu natural hori babesteko, bisitak mugatuta daude, eta eguneko kupoa gehienez 1.462 pertsonakoa izango da.

Hamabostaldi honetan ez da kopuru hori lortu jardunaldi bakar batean ere eta jendetzarik handiena jaiegunen aurreko egunetan gertatu den. Apirilaren 11, 12 eta 13an izan zuen Gaztelugatxek bisitari gehien: 953, 864 eta 833, hurrenez hurren. Biotopo honetara bertaratu ziren pertsonei dagokienez okupazio-maila handiena izan zuten hurrengo datak Ostiral Santua, 822 pertsona, eta larunbata, hilak 16, 816 pertsona, izan ziren.

Oporraldi honetan Gaztelugatxera joan direnak ezin izan dira penintsulara iritsi; uhartetxoko sarbidea atzo ireki zuten berriro, 2021eko urtarrilean lur-jausi handia izan zen mendi-hegala ziurtatzeko lanak amaitu ondoren. Lur-mugimendu hori handia izan zenez azken 15 hilabeteetan hainbat jarduketa egin behar izan dira kokagunearen hegal osoan, lur-jausia gertatu zen eremutik harago, lurraren egonkortasuna hobetzeko eta Biotopo hau ezagutzera hurbiltzen diren pertsonen segurtasuna indartzeko. Ildo horretatik lan hauek, aldi berean, bisitarientzako arrisku potentziala eragin dezaketen egoerak aurreikusteko monitorizazio iraunkorreko sistemak instalatzeko baliatu dira.

Une honetan lanean jarraitzen da inguru horretan, egonkortze-obraren azken erremateekin, eta zaharberritze-lanak egiten ari dira ermitara iristeko harmailadian. Hori dela eta, penintsulara bisita egiteko ordutegia ezarri da, 10:00etatik 19:00etara; ordutegi horretan zehar Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko langileak bertatik igarotzen diren pertsonen segurtasuna kontrolatzen aritzen dira.

Gainera, koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako murrizketak kendu ondoren, egunero inguru horretaz gozatzeko aukera duten pertsonen kopurua 1.462ra zabaldu da. Kopuru hori Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek ezarri dute Europarc-en, kontinente osoan eremuak kudeatzen dituzten erakundeak biltzen dituen Europako erakundearen, txostenetan oinarrituta.

noticias de deia