Martxan da Lehen eta Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikastetxeetan neskak diren Bizkaiko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea helburu duen 'Nahi duzuna izango zara' izeneko kanpaina. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak jarri du martxan.

Helburua STEAM titulazioetan (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) parekotasuna lortzea da, ikasleei eta gizarte osoari gizonak nagusi diren titulazio horien inguruan dauden genero-aurreiritziak erakutsiz.

Julen Elgetak, HETELeko presidenteak, eta Susana González Rómulok, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpleguko zuzendariak, Lanbide Heziketako ziklo industrial bat ikasi duten bi neska ikaslerekin batera, prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilboko Itsasmuseumen kanpainaren barruan ehun ikasle baino gehiagok parte hartu duten jardunaldiaren aurretik.

Bai kanpainak eta bai "Nahi duzuna izango zara/Serás lo que quieras ser" jardunaldiak adin goiztiarrean (zazpi urte bete baino lehen) sortzen diren eta ondoren sendotzen doazen genero-aurreiritziez kontzientziatu nahi dituzte ikasleak. Aurreiritzi horien ondorioz gelditu egiten dira nesken bokazio zientifiko-teknologikoak, mutilak diren ikaskideek baino askoz gutxiago aukeratzen baitituzte STEAM titulazioak.

Ildo horretatik, HETELek helburutzat ezarri du 2030ean Lanbide Heziketako ikasleen % 50 emakumez osatuta egotea (gaur egun % 36 da) eta emakumeak % 50 izatea STEAM zikloetan (gaur egun % 10).

HETELeko arduradunak adierazi duenez, STEAM zikloak aukeratzen dituzten nesken enplegagarritasuna % 87 ingurukoa da, eta etorkizunean "lanpostu gehienek digitalizazioari lotutako STEAM gaitasunak eskatuko dituzte".

Beste alde batetik, Enpleguko zuzendariak adierazi du beharrezkoa dela zientziaren eta teknologiaren arloko emakumeen adibideak ikusaraztea, eta, aldi berean, "STEAM lanbideak bultzatzea gure nesken eta emakume gazteen artean, berdintasun kontua delako baina, aldi berean, baita enpresak eskatzen ari diren gaitasunei erantzuteko ere".

"Zentzu horretan Bizkaiko Foru Aldundiak diskriminazio positiboko neurriak ezartzen ditu enplegu-programa guztietan, emakume langabeek STEAM gaitasunak eta trebeziak eskura ditzaten, hau da, jasangarritasun sozial eta ekonomikoari dagokionez ditugun erronkei erantzuteko aukera emango digutenak" azpimarratu du.

KANPAINAK

Ekimen hau ez da Bizkaiko Foru Aldundiak eta HETELek abiarazi edo babesten duten lehen kanpaina edo programa. Aldundiaren kasuan neurri batean finantzatzen da "Inspira-STEAM", "Ezkutuko talentua", "Moldeak apurtzen" programa edo Ada Byron Saria.

HETELek ildo horretan lan egiten du euskal Lanbide Heziketan, emakumezko erreferenteak ikusarazteko ekimenen bidez. Adibidez jarduera batean zortzi urteko ikasleei zientzialari bat marrazteko eskatu zitzaien eta guztien % 44k emakume bat marraztu zuten arren, mutiletako bakar batek ere ez zuen marraztu. ldo horretatik HETELek berretsi egin zuen ziur dagoela ikasgelan adin txikienetatik lan egin behar dela.

HETELek, aldi berean, egiaztatu du Lanbide Heziketako zikloetan neskei erreferenteak eta konfiantza falta zaizkiela eta orientazio txarra dutela. Hala ere, egiaztatu da, behin STEAM titulazio bat aukeratuta, pozik daudela egindako hautaketarekin eta bide hori berretsi eta sendotu egiten dutela.

Prentsaurrekoan ikasleen artean jardunaldian sortuko diren dinamikak laburbildu dira, baita oso gaztetatik sortzen diren genero-aurreiritziei buruz ohartarazteko HETELek Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin modu irekian partekatzeko diseinatu dituen multimedia-materialak ere.