Larunbat honetan goizean, apirilak 23, Bizkaiko hondartzetako istripuak prebenitzeko, sorospenerako eta laguntzarako zerbitzurako sarbide-proba fisikoak egin dira, uda sasoian hondartzetako segurtasunaz arduratzeko. Bada, 285 pertsonak hartu dute parte proba fisikoetan.

Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatua eta Koldo Larrazabal Bizkaiko Gurutze Gorriko hondartzen koordinatzaile nagusia proba horietan izan dira. Antxustegik azpimarratu duenez, proba horiek funtsezkoak dira hareatzetako erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duen sorosle-talde bat izateko.

"Funtsezkoa da sorosleak ikuspegi fisikotik ondo gaituta egotea eta eguneroko lanean agertuko zaizkien larrialdiei aurre egiteko prestakuntza egokia izatea. Horregatik da prozesu hau hain garrantzitsua. Proba horiek dira, halaber, hondartza-denboraldian eskaintzen ditugun zerbitzuetan kalitate-estandar altuak mantentzeko modua", Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatuak adierazi duenez, hondartzetako segurtasunak 10etik 8,92 puntuko kalifikazioa izan zuen iaz hareatzetako erabiltzaileen aldetik, hots, azken bost urteetako notarik onena, eta sorosleen taldeak nota hori gainditu zuen, 9,88 punturekin. "Ez da kasualitatea segurtasuna baloraziorik onena duen alderdia izatea eta, segurtasunaren barruan, bere kalifikazioagatik sorosle-zerbitzua nabarmentzea. Balorazio horren atzean, hondartza-denboraldian dispositiboa koordinatzeaz arduratzen diren Gurutze Gorriko pertsonen, Bizkaiko Foru Aldundiko talde teknikoaren eta Bizkaiko hondartzetako istripuak prebenitzeko, sorospenerako eta laguntzarako zerbitzua osatzen duten pertsonen lanordu asko daude", azpimarratu du horren inguruan.

Sorosleek gainditu behar duten hurrengo proba test erako azterketa teorikoa izango da, astelehenean, hilaren 25ean; ondorik, elkarrizketa pertsonala egingo da apirilaren 26, 27 eta 28an. Proba horietan hautatzen diren langileek hasierako derrigorrezko prestakuntza jasoko dute, bi txandatan: maiatzaren 6tik 8ra eta maiatzaren 9tik 12ra bitartean. Prozesuari amaiera emate aldera, osasun-azterketa bat egingo dute eta lan-arriskuen gaian trebatuko dituzte.