Zabalik dago jada Galdakaoko Herri Krosaren hamargarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea. Inskripzioak Galdakaoko Atletismo Taldearen webgunearen bidez egin behar izango dira. Lasterketa apirilaren 24an ospatuko da, eta izena emateko epea hilaren 21ra arte egongo da zabalik.

8 euroko prezioa izango dute izen emateek, baina 14 urtetik beherakoentzat (2008tik aurrera jaioak) eta kategoria paralinpikokoentzat doakoa izango da. Probaren egunean bertan ere izena eman ahal izango da, 10 euroren truke izen-emate orokorra eta 5 euroren truke 14 urtetik beherakoentzat eta kategoria paralinpikoentzat.

Herrikoia da Galdakaoko Herri Krosa, eta beraz, federatuta dauden korrikalariak zein federatu gabekoek parte har dezakete asfalto gaineko hiri-zirkuituan. Proba hau Bizkaiko Atletismo Federazioaren egutegi ofizialaren barruan dago, eta urtero adin guztietako ehunka korrikalari biltzen ditu.

Hauexek izango dira kategoriak eta distantziak:

  • Benjaminak: (2012 eta 2013 urteetan jaioak): Irteera ordua: 11:00. Distantzia: 600 metro. Itzuli 1 “A” zirkuituari. 9 urtetik beherakoek parte hartu ahal izango dute nagusi batek lagunduta. Nagusi horiek ez dute izena eman beharko, baina, oroitzapenezko kamiseta eskuratu nahi badute, bai.
  • Kimuak: (2010 eta 2011 urteetan jaioak): Irteera ordua: 11:15. Distantzia: 1.000 metro. Itzuli 1 “B” zirkuituari.
  • Haurrak eta Kadeteak: (2007an, 2008an, eta 2009an jaioak): Irteera ordua: 11:30. Distantzia: 2.000 metro. 2 itzuli “B” zirkuituari.
  • Kategoria paralinpikoa: Irteera ordua: 11:45.
  1. Kategoria egokitua: Distantzia: 1.000 metro. Itzuli 1 “B” zirkuituari.
  2. Kirol trebetasuna: Distantzia: 2.000 metro. Itzuli 2 “B” zirkuituari.
  • Gazteak (2005 eta 2006an jaioak), juniorrak (2003 eta 2004an jaioak), seniorrak (34 urtera arte) eta beteranoak (35 urte edo gehiago): Irteera ordua: 12:00. Distantziak: Gazteak eta juniorrak: 4.120 metro. 2 itzuli “C” zirkuituari eta seniorrak eta beteranoak: 8.240 metro. 4 itzuli “C” zirkuituari.

Parte hartuko duten kirolariek Urretako kiroldegiko aldagelak erabili ahal izango dituzte.

SARIAK

  • 1. Senior gizonezkoa: Garaikurra + txapela.
  • 2. Senior emakumezkoa: Garaikurra + txapela.
  • Kategoria absolutuko gizonezko eta emakumezko lehen hiru sailkatuentzat: diruzko sariak emango dira. 150 euro (1.), 90 euro (2.) eta 60 euro (3.).
  • Kategoria absolutuan sailkatzen den herriko lehen gizonezko eta lehen emakumezkoarentzat saria ere egongo da.
  • Garaikurrak emango dira lehenengo hirurentzat kategoria eta sexu bakoitzean.
  • Eta oroigarri gisa, kamiseta bat oparituko da dortsala hartzean.

Zozketa ere egingo da proba amaitzean eta sarituren bat ez aurkeztekotan, berriro zozketa egingo dela adierazi dute antolakuntzatik.

Jaki eta freskagarriekin poltsa bat emango zaio parte-hartzaile bakoitzari helmugara ailegatu bezain pronto.

Antolakuntzak ohartu du txakurrekin parte hartzea ez dela onartuko.