Bermeoko Udalak herritarren ongizate-maila neurtzeko egindako inkestaren emaitzen arabera, Bermeo "oso eroso eta segurua" da. Bermeotarrek 10etik 8,05eko puntuazioa eman diote arlo honetan herriari.

Bestalde, Udalari eskatu diote garbiketa lanetan jarraitzeko, herri ahalik eta txukunago bat izate aldera. Izan ere, herritarren kezka garrantzitsuenak dira aparkalekuen beharra, langabezia eta garbitasuna.

Bermeoko udal Gobernuak legealdi hasieran aldizkako inkestak egiteko konpromezua hartu zuen, zerbitzuen efizientzia neurtu eta herritarren beharrizanak zeintzuk diren lehen eskutik ezagutzeko. Orain egindakoa legealdiko bigarrena da eta hainbat ondorio atera daitezke bertatik. “Legealdi hasieran konpromiso bat hartu genuen: herritarren asebetetze maila zein den jakitea, udalaren zerbitzuen efizientzia neurtzea eta beharrizanak ondo identifikatzea. Bada, konpromiso horri jarraituz, bigarren inkesta bat egin dugu. Bertatik atera daitezkeen ondorioek udal Gobernu honek etorkizunean jarraitu beharreko bidea markatzen dute”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Azken bi urteetan covid-19ak herriko politikak zeharo baldintzatu ditu. Hala ere, herritarrek ez dute pertzepzio negatiborik nabaritu herriaren garapenari dagokionez. Biztanleria nahiko baikor agertzen da udalerriaren etorkizunari begira (% 55,8) eta % 36,5 ezkorrak dira. Azken urtean abian jarritako ekimenetatik, nabarmentzekoa da saihesbidearen sarrera berria (10etik 8,21eko puntuazioa lortu du), ondoren, ekintzaileei laguntzeko eta alde zaharra dinamizatzeko Lokalbide programa (10etik 7,5) eta, azkenik, bizikletak garbitzeko eta mantentzeko eremu berriak egitea (10etik 7,29). Gainerako ekimenek ere aise gainditzen dute 5eko puntuazioa.

Etorkizunari begira abian jarri behar diren ekimenei dagokienez, Lamerako komun publikoa eta ikastetxe publikoko jolastokiak erabilera publikorako egokitzea nabarmentzen dira. Aipagarriak dira, halaber, San Martinen aire zabaleko kirolerako eremu berri bat egiteko proiektua eta Tonpoi naturgune modura berreskuratzea.

Herritarren iritziz, datozen hilabeteetarako gobernu-taldearen lehentasuna garbiketa lanak indartzea izan beharko litzateke, ondoren, aparkalekuen gaiari heltzea eta, azkenik, espaloien, kaleen eta instalazioen mantentze-lanak egitea. Udal zerbitzuen balorazioak 5eko nota gainditzen du, eta hobekien baloratutako zerbitzuak Bermibus (7,64), Berh@z (7,57) eta Zaharren Udal Egoitza (7,42) dira.

UDALAREN ETA UDAL ORDEZKARIEN BALORAZIOA

Udalaren balorazioari dagokionez, herritarrek 10etik 5,62ko nota ematen diote eta egungo udal ordezkariei 10etik 5,73koa. Alderdi politikoen balorazioari dagokionez, udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek gainditzen dute: Guzanek 5,87, EH Bilduk 5,56 eta EAJ-EAJk 5,49. Bermeotarren ustez, herriko interesak hobekien defendatzen dituen alderdia EAJ-PNV da (%23,3), ondoren Guzan (%15) eta, azkenik, EH Bildu (%12,5).

Era berean, inkestatuen %25,8k adierazi du EAJ-PNV nahi lukeela izatea hurrengo udal-hauteskundeak irabaziko dituen alderdia, ondoren, EH Bildu (%16.5) eta, azkenik, Guzan (%12). Politikoen balorazioari dagokionez, denek gainditzen dute. Aritz Abaroa alkateak 6,21eko nota lortu du, Guzanen bozeramaileak 6,71ko nota lortu du eta EH Bilduren bozeramaileak 6,25ekoa