Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoerak erabat baldintzatuta, hiru urteetan zehar itxita mantendu ostean, aste honetan berriz ireki dituzte Markina-Xemeindik igarotzen diren Done Jakue bideko erromesen aterpetxearen ateak. Iparraldeko bidean euskal kostaldea zeharkatzen dutenentzat da erabilgarri, udalerriaren erdigunean kokatutako Karmeldarren komentun kokatuta dagoelarik. Guztira 39 ohe dira prest beraz bisitariak artatu ahal izateko. Aterpetxea beharrezko kontua da Konpostelarako bide zaharrean aritzen direnek deskantsatu ahal dezaten eta ohi legez, bolondresak izango dira berau kudeatuko dutenak. Zehazki, Bizkaiko Done Jakue Bidearen Zaintzaile Elkarteko boluntarioen esku geratu da zerbitzuaren eguneroko erabilera.Nahiz eta berri pozgarria den Bizkaiko lurraldean dauden aterpetxeen artean Markina-Xemeingoa irekitzea -beste hanbait daude Bilbon, Larrabetzun edo Pobeña-Muskizen, adibidez-, kontutan hartu behar da neurri zorrotzak ezarri behar izan dituztela. Udaletik adierazitakoaren arabera, “covid19-ak eragindako egoera dela eta, plaza kopurua murriztu egin behar izan da, eta 39 ohe jarri dira aurtengo denboraldirako”. Bada, “literen ordez banakako oheak eta euren artean bereizle edo separadoreak jarri dira. Horrez gain, eskuen desinfekziorako produktuak ere ipini dira”.
Koronabirusaren egoerak egin baduen ere, neurriak mantentzea “beharrezkotzat” ezarri dute. Gaur eguneko egoera, hala ere, arras ezberdina da eta honek ahalbidetu du aterpetxea zabalik mantendu ahal izatea. “Orain egoerak zeharo hobera egin duela ikusita berriz zabaldu ditu ateak”, Udaletik jakinarazi dutenez. Izan ere, “Aste Santuko oporraldian hasi ohi da Done Jakue bidea osatzen dutenen joan-etorria eta uda ostera arte luzatu, Pilar zubira arte. Karmeldarren komentuko aterpetxea urrira arte egongo da zabalik 15:00etik 22:00rako ordutegian”.
Turismoa erakarri
Hogei boluntario inguru izango dira Karmeldarren aterpetxea atontzeko lanetan. Eta erromesen joan-etorri handia espero dute, zenbait urtetan bidea hutsik izan ostean. Pandemia baino lehen bidean zebiltzaten asko izan dira udalerrian, Udalaren kalkuluen arabera, bataz beste 7.000 erromes izan dira herriraino hurbildu direnak. Eta Markina-Xemeinek eta bere inguruek -hemen kokatzen da Zenarruzako kolegiata, adibidez- duen ondare oparoa ezagutarazteko aukera paregabea da.