Sektore oso anitza da, denda mota askok osatzen dutena. Baina eskualdeko ekonomiari ederki asko eragiten dion aktibitatea da merkataritza. Eta Lea Artibairen kasuan, Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen kokatzen da, oso nagusiki. Guztien %85a sektore zehateztan kokatzen dela nabarmendu dute. Inguruan 316 saltoki daudela zehaztu du Leartibai Fundazioak. Merkataritzari buruzko azterketa egin berri dute eskualdeko erakundeko arduradunek, “sektoreari buruzko daturik esanguratsuenak bildu eta merkatari-elkarte desberdinen iritziak eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko asmoarekin”.Oraintsu jaiotako Leartibai Fundazioak sektoreen araberako analisia egin du. Eta janari dendak nagusi direla azaldu dute, %27arekin; ostean, ileapaindegi/estetika zentroak daude, %20arekin; arropa dendak ere nabarmenak dira, saltokien %17a direlarik. Azkenik, sailkapenean beste zenbait kategoria daude: osagarriak/opariak (%8a), okidegi/gozotegiak (%3), estankoak (%3) eta inprenta/argazkigintzara dedikatzen difenak (%3). Sortzen duten enpleguari buruz, sektore garran-tzitsua dela ondoriozta daiteke. Diotenez, “janari dendak dira enplegu gehien sortzen dutenak, 234 langile hain zuzen”. Arropa dendak daude bigarren postu batean, “110 lanpostu sortzen dituztelarik, ostean ileapaindegi/estetika zentroak aurkitzen dira 78 lanposturekin, osagarriak/opariak 50 lanposturekin eta dekorazioa/altzariei lotutako negozioek 48 lanpostu suposatzen dute”.

Kokapenari erreparatzen badiogu, “eskualdeko herri handiak dira saltoki gehien dituztenak”, hau da, Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeinen kokatzen dira nagusiki, saltoki guztien %96a hartzen dute hiru udalerriek: Ondarroak 142, Lekeitiok 108 eta Markina-Xemeinek 54. “Datu hauen lanketa egiteko, Eusko Jaurlaritzak merkataritza sailkatzeko erabiltzen dituen azpitaldeak hartu dira kontutan”, Leartibai Fundaziotik jakinarazten dutenez. Eta sektorearen norbanakoak elkartzen dituzten hiru elkarte dira nagusi eskualdean: Markina-Xemeingo Hemen be bai, Lekeitioko Kitto eta Ondarroako Zatozte.

Elkarteen erronkak

“Markina-Xemein herritarrentzat erosketa gune interesgarri izateko lanean murgilduta dabil, hemen be bai. Ekoizle, saltoki eta erosleen arteko komunitate bat egituratzea da elkartearen helburu nagusia eta horretan dihardu”. Lekeitioko Kitto bestetik herriko bonoek ekimenean “elkartekideek dituzten abantailak, edota merkataritzak herriak bizirik mantentzeko, lanpostuak sortzeko eta herriko bizitzaren parte izateko egiten duen ekarpena nabarmenduz”. Azkenik, Zatozte da hirurena artean zaharrena -21 urte daramatza lanean, “merkataritza eta ostalaritzaren arteko elkarlana sustatuz”- eta “sektoreak eskaintzen duen profesionaltasunean eta produktuen eskaintzaren barietatea dira herriko merkataritza bizirik mantentzeko gakoak, elkartearen aburuz. Sektoreari batasuna, konplizitatea eta etengabeko prestakuntza eskainiz, herritarrekiko lotura estua lortzea da erronka nagusia”.

Leartibai Fundazioak merkatari-tza sustatzea du bere helburu estrategiko nagusien artean. Bertoko merkataritzan eragiten ari dira burubelarri, administrazio publikoek eskaintzen dituzten edozein laguntza eskualdeko saltokietara hurbiltze aldera.