Bermeoko Udala boluntarioen bila dabil Aukerak Suspertzen izeneko programari jarraipena eman ahal izateko. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailak martxan jarri eta sustatutako programa honek hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak izan eta gizarte-desabantailako egoeran dauden Lehen edo Bigarren Hezkuntzako adingabeei zuzenduta dago (oinarrizko gizarte zerbitzuekin elkarlanaren identifikatuak izan dira pertsona hauek).

“Programa hau oso garrantzitsua da hezkuntza-prozesuarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleentzat. Pandemia garaian hasiera eman genion eta orain ere jarraipena emango diogu. Bermeoko Udalak laguntza-programa hau aurrera eramateko lokala jarriko du. Boluntarioak behar ditugu eta udaletik herritarrak boluntario gisa lan egitera animatzen ditugu”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Esku-hartze sozialaren arloko profesionalek eta boluntarioek emandako eskolaz kanpoko hezkuntza laguntza eskaintzen du Aukerak Suspertzen programak. Eskolako lanak egitera, gaitasun digitalen edota linguistikoen garapenera eta ikasteko tekniken ikaskuntzan dauden beharrak asetzera bideratuta dago. Gainera, modu osagarrian familiekin lan egiten da, horrela hauek ere seme-alabei laguntzeko gaitasunak garatu ahal izateko. Hau guztia aurrera eramateko irizpide zehatz batzuk betetzen dituzten haur eta nerabeei beharrezko materiala emango zaie.

Boluntarioak hezkuntza-laguntza gauzatzeaz arduratuko dira, horretarako, adingabe bakoitzaren beharrak identifikatuz. Laguntza astean ordubetekoa izango da gutxienez, ikasturtea amaitu bitartean. Aldi berean, familiek 1,5 orduko taldeko 4 saiotan parte hartzeko aukera izango dute. Saio horiek erakunde bakoitzeko profesionalek dinamizatuko dituzte, eta aurretik aipatutako gaitasunak garatzera bideratuko dira.

Boluntario izan nahi baduzu:

  • Emaila: olgavazquez@agintzari.com
  • Telefonoa: 688 76 54 05