Síguenos en redes sociales:

Mungiak gela berriak prestatu ditu Olalde Aretoan

Dantza eta antzerkia praktikatzeko bi areto dira eta biak elkartuz, areto handi bat bihur daiteke

Mungiak gela berriak prestatu ditu Olalde AretoanM. U.

Mungiako Udalak gela berriak prestatu ditu Olalde Aretoan. Dantza eta antzerkia praktikatzeko abian jarri diren bi gela berri dira, eta biak elkartuz, areto handi bat bihur daiteke. Guztira, Udalak 216.000 euro inbertitu ditu 74 metro karratuko espazio hauek sortzeko. Bi aretoak pieza mugikor batek banatzen ditu, eta, beraz, beharrezkoa denean, 148 metro karratuko areto handi bakar batean batu daitezke. Bi aretoetan balio anitzeko oholtzaz egindako zoladura bat jarri da.

Zorua dantza-konpainietan, auditoriumetan eta antzokietan jarri ohi da mota horretako jardueretarako. Gainera, espazioaren mendebaldeko fatxadan metalezko eskailera bi jarri dira eta gela berrietarako bi sarbide zuzen sortu dira. Guztira, esku-hartze horrek 216.000 euroko inbertsioa ekarri du. Jarduera honek Olalde Aretoan egindako azken jardueren ildoari jarrai-tzen dio; izan ere, duela gutxi, Udalak inguratzaile termikoa berritzeko obren lizitazioa ireki du, haren eraginkortasun energetikoa hobetzeko, eraikinaren kanpoko itxura berrituko duen esku-hartze baten bidez.

Gaur egun dauden fatxadei eta estalkiari isolamendu termikoa gehituko zaie. Era berean, por-tzelanazko panelen bidez aireztatutako fatxada bat sortuko da. Aldaketa horiek hobekuntza ekarriko dute barruko tenperaturari eusteko orduan, eta, beraz, energia-kontsumoa nabarmen aurreztuko da.

Alaitz Erkoreka hirigintza arloko zinegotziaren arabera, ingurumenaren aldeko apustuari eusten dio ekintza horrek: “Beti eman diogu lehentasuna gure ingurunea zaintzeari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari”. Horrelako esku-hartzeen bidez, “energia-kontsumoa murriztea lortuko dugu; oso berri ona eremu ekologiko eta ekonomikoan”.

Erreferente

Berrikuntza guzti hauekin, Udalak Olalde Aretoaren aldeko apustuari eusten dio, erabiltzaileen erabileraren kalitatea eta instalazioen kultura-, kirol- eta gizarte-eskaintza hobetzeko esku-hartzeak eginda. “Mungiako gobernu-taldeak eta herritarrek nahi dugu Olalde Aretoa erreferente bihurtzea Bizkaia osoan, eta, horregatik, konpromisoa hartzen dugu hobekuntzak egiteko, erabiltzaile guztiok goza ditzagun, bai udalerrikoak, bai kanpokoak”, Ager Izagirrek, Mungiako alkateak, azaldu duenez.

Sortu dituzten bi areto berriek aukera ematen dute aipatutako diziplinak praktikatzeko, eta, beraz, Udalak egindako berrikuntzak hobetzen jarraitzen du kultura- eta aisialdi-gune horren erabilera-eskaintza, Olalde Aretoarena, hain zuzen ere.