Amorebieta-Etxanoko Udalak 270.000 euroan esleitu egin ditu Zubiondo parkeko skatepark berria eraikitzeko lanak. Esleipen horrekin, aurrerapauso garrantzitzu bat eman du Udalak, erabiltzaileen lehentasunei erantzuna emanez.
Pista berria egungo skateparkearen kokaleku berean eraikiko da eta Udalak aurreikusten du behin lanak hasita, obra lau hilabeteko epean amaituta egotea.
Skatepark berria gaur egungoa baino zabalagoa izango da, inguruko berdeguneak ere bere egingo baititu, urbanizazioan erabat integratuz. Erabilera formari dagokionez, eremuaren neurriak, gehienez, 65x25 metrokoak izango dira, azalera osoa 1.200 m2koa izango da, eta okupatutako azalera, berriz, 900 m2koa. Skatepark berriak ere gune berdeko atzeraemangune batzuk izango ditu, patinaje-eremua eta oinezkoena bereizteko.
ERABILTZAILEEN LEHENTASUNEI ERANTZUNA
Skatepark berriaren obra amaitzean, Amorebieta-Etxanoko Udalak erantzuna emango dio herriko erabiltzaileek adierazitako lehentasunei, hau da, pista berrian skateboardingaren bi modalitate nagusiak praktikatu ahal izatea: street eta park. Diseinuari dagokionez, elementu ezberdinak instalatuko dira, guztiak skatepark bakar eta oso batean integratuz. Horri esker, patinatzeko linea guztiak egongo dira erabilgarri: egokia izango da hasiberrientzat zein esperientzia handiagoko erabiltzaileentzat.
Laburbilduz, lehen esan bezala, lanak lau hilabeteko iraupena izango dute, eta 270.000 euro inguruko aurrekontua bideratu egingo du Udalak, oraingo skatepark-a baino espazio zabalago eta berrituago bat egiteko.