Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, sustraiko musika sustatzea helburu duen Folkez Blai musika lehiaketak edizio berri bat izango du. Hala, Ermuko Udalak folk generoa jorratzen duten musika-taldeentzako hedapen-plataforma den jaialdi honen hamazazpigarren edizioa jarriko du martxan laster.

Folk musika jorratzen duten eta bi disko baino gehiago argitaratu ez dituzten talde guztiek parte har dezakete lehiaketa honetan. Horretarako, lau abestiko grabazio bat bidali beharko dute Ermuko Udaleko Kultura Sailera edo plopez@udalermua.net helbidera, gutxienez bi kantu originalekin, taldearen argazki batekin eta harremanetarako datuekin. Aurkezteko epea martxoaren 15etik maiatzaren 15era egongo da zabalik.

Aurkezten diren proposamen guztietatik, epaimahaiak sei talde aukeratuko ditu, eta irailaren 9, 10 eta 11n joko dute zuzenean gure udalerrian. Folk jaialdi honetan Caamaño & Ameixeiras izango dute lagun, lehiaketaren aurreko edizioko bikote irabazlea, baita generoan jada ezaguna den beste banda bat ere.

Irailaren 11n, igandean, jakinaraziko da epaimahaiaren erabakia. Emanaldi guztiak amaitzean, 3.000 euroko lehen saria eta 1.500 euroko bigarren saria emango dira. Gainera, Folkez Blai irabazten duen taldea gonbidatu gisa arituko da lehiaketaren hurrengo edizioan.

Sarituak izan ez diren talde guztiek 400 euroko diru-laguntza jasoko dute Ermura etortzeko gastuak ordaintzeko.

Parte hartu nahi izatekotan, lehiaketaren xehetasun guztiak esteka honetan kontsulta ditzakezu.