119 lanpostu betetzeko 113 enplegu-eskaintza izapidetu zituen iaz Amorebieta-Etxanoko enplegu-bulegoak, erakundeak berak argitaratu berri duen 2021eko memorian azaltzen den bezala. Guztira 1.794 egon ziren izena emanda lan-eskatzaile moduan.
Hauek dira Amorebieta-Etxanoko enplegu bulegoak 2021ean landu dituen funtsezko lau arloak:
- Bitartekaritza: enplegu eskaintzaren eta eskariaren kudeaketa, aplikazio propioaren bidez eta Lanbideren aplikazioaren bidez.
- Tokiko eta eskualdeko enplegu planak kudeatu: eskaria, justifikazioa, memoriak, dokumentuen kudeaketa, eskaintzen diseinua, hautaketa prozesuaren garapena eta programaren jarraipena.
- Enplegu bulegoaren eta hirugarren sektoreko bestelako erakundeen zerbitzuei zabalkundea eman, eta funtzionamendu orokorra hobetzen jarraitu.
- Ekonomia sustatzeko neurriak kudeatzeko laguntza eta zabalkundea eman: Amorebono, autoenplegurako aholkularitza eta dirulaguntzak, dirulaguntzak kontratatzeagatik, eta dirulaguntzak seme-alabak izateagatik edo adoptatzeagatik.
IZEN-EMATEAK: GUZTIRA, 1.794 PERTSONA
Memoriak jasotzen duen moduan, 2021ean, guztira, 1.794 pertsona ziren enplegu-eskatzaile gisa Amorebieta-Etxanoko enplegu bulegoan izena emanda zeudenak. Pertsona horietako gehienek aurrez aurre egitea erabaki zuten, online izapidetzeko aukeraren ordez. Horrela, bulegoan, batez beste, 49 minutu eskaini zitzaizkion pertsona bakoitzari. Memoriaren biltzen den datuen artean azpimarragarria da, azken lau urteetan lehen aldiz, orientazio bila joan ziren enplegu-eskatzaileak gehiago izan zirela bitartekaritza bila joan zirenak baino. Eskatzaileen profilei dagokienez, memoriak jasotzen du %72,8 langabezian zeudela une horretan, eta %27,2 lanean ari zirela: 488 pertsonek adierazi zuten jardunean zeudela, 154k ez zeudela lan bila eta 1.306k langabezian zeudela. Memoriak jasotzen duen beste datu bat da inskribatutako pertsonen %6,5ek SBE jasotzen zutela. Ikasketei dagokienez, izena eman zuten pertsona gehienek Lehen eta Bigarren Hezkuntzan zituzten ikasketak. Bigarren postuan zeuden, unibertsitate-ikasketak zituztenak; eta, azkenik, maila berdintsuan, Batxilergoa, eta Erdi-mailako edo Goi-mailako titulazioa zutenak.
ERAKARTZEA: 821 ENPRESEKIN JARRI ZEN HARREMANETAN
Enpresak erakartzeari dagokionez, Amorebieta-Etxanoko enplegu-bulegoa 821 enpresarekin jarri zen harremanetan 2021eko urtarriletik abendura bitartean. Egindako deietan, bulegoak eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman zitzaien: Amorebieta-Etxanoko Udalaren enplegu-poltsa eta kontratazio-laguntzak, BFAko proiektuak... Era berean, bulegoa era guztietako sektoreekin jarri zen harremanetan, hala nola, ostalaritza, elektrizitatea, garbiketa, ingurumena, industria, arkitektura, eraikuntza, ikus-entzunezkoa, soldadura, etab.
ENPLEGUA: 113 ESKAINTZA IZAPIDETU ZIREN
2021ean enplegu bulegoak izapidetu zituen lan eskaintzak ere jasotzen ditu memoriak: 113 eskaintza izapidetu ziren bete beharreko 119 lanpostutarako. Eskaintza horietako gehienak (%33,65) partikularrengandik etorri ziren, eta honen ondotik etorri ziren zerbitzuen sektorea, industria, ostalaritza, merkataritza, garbiketa, ile-apainketa eta estetika, automobilgintza, administrazio publikoa eta eraikuntza. Horrela, guztira 456 hautagaitza bidali ziren lan eskaintza ezberdinetara, hau da, 7 hautagaitza lan-eskaintza bakoitzeko.
Laneratzeei dagokienez, memorian adierazten da enpresek eskainitako 113 lan eskaintzetatik 31 Amorebieta-Etxanoko Udaleko lan-poltsatik egindako kudeaketaren bidez laneratu zirela, hau da, %27,43. Enpresen %35,39k bestelako bide batzuen bidez bete zituzten eskainitako lanpostuak; %35,39k ez zuten kontrataziorik egin; eta %3,53k hautaketa-prozesuarekin jarraitzen dute.
ENPLEGU BULEGOAREN OHIKO BESTE LANAK
Datuak atzean utzita, Amorebieta-Etxanoko enplegu bulegoak egiten dituen ohiko beste lan batzuk ere jasotzen ditu memoriak, besteak beste: lan-eskaintzen argitaratzea udal aplikazioan, Lanbiden eta udal-pantailetan; ekintzaileei hasierako elkarrizketa egitea eta CIFP Zornotzara bideratzea; enplegurako aukerak email eta SMS bidez zabaltzea; hainbat hezkuntza-erakunderekin eta hirugarren sektorekoekin lankidetzan aritzea, diruz lagundutako enplegu-zerbitzuak eta prestakuntza-proiektuak zabaltzeko; Formazio eta Enplegu Azoka; BFA proiektuak; Amorebonoak; etab.
2022 URTERAKO HELBURU NAGUSIAK
Amaitzeko, memoriak 2022rako enplegu bulegoaren hiru helburu nagusiak zerrendatu ditu: udalerrian enplegu-bilaketa aktiboan dauden pertsonentzako erreferente gisa mantentzea; datu-basearen profilak osatuta eta eguneratuta daudela bermatzea; eta bitartekaritza-zifrak hobetzea, hala nola, eskaintzen eta kontratuen kopurua.
HERRITAR GUZTIEI IREKIA
Enplegu eta Ekonomia Sustatzeko Sailetik gogorarazi dute enplegu bulegoa herritar guztientzat irekita dagoela, bai enplegu eskatzaileentzat eta baita kontratatu nahi dutenentzat ere. Informazioa: telefonoa, 94 630 00 02/Luz. 350; emaila, cv@amorebieta.eus; helbidea, San Migel kalea 3; eta ordutegia, 8.30etik 14.30era, astelehenetik ostiralera.