Santurtziko Udalak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plan berri bat egin du, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorrari beste bultzada bat emateko. "Duela urte batzuk emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko hasitako bidean beste urrats bat da", adierazi du Itziar Carrocera Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak. Jakinarazi dutenez, plan berri hau 2025era arte egongo da indarrean.

Plan berriaren alderdirik sendoena parte-hartzea izan da, hainbat izan baitira bera egiteko prozesuan parte hartu duten eragileak: "2020an sortu zen Berdintasun Kontseiluak ez ezik, arlo guztietako langileek eta beste hamabost bat entitatek (denetikoak, hala nola, Guraso Elkarteak, Jai Batzordeak, elkarteak€) hartu dute parte. Eta horiez gain, Gobernu Taldea eta Udal Batza osatzen duten gainerako alderdiak ere egon dira bera egiteko prozesuan" gaineratu du Carrocerak.

Plangintza horrek abian jarritako bidean aurrera egitea proposatzen du, eta horrez gain, ekintza estrategikoak egiten jarraitzea berdintasunak indarra hartu eta aurrera egin dezan. "Gure herriak duen tresnarik garrantzitsuena da. Bere bidez datozen lau urteotan emakume eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzen ahaleginduko gara, eta modu koordinatu eta eraginkorrean aurre egingo diogu emakumeok pairatzen dugun bazterketa zein berdintasun ezari" gaineratu du Carrocerak.

2021ean, plan berria egiteko helburuz abian jarritako lankidetza sozial, politiko eta teknikorako prozesu sakona ez ezik, aurreko planaren ebaluazioa ere egin zen, orain arte indarrean egon denarena hain zuzen, zeinean bereziki jardun den genero indarkeria desagerrarazteko ahaleginean eta elkarteen laguntza eta herritarren aldeko ekintzak aurrera eramaten.

Dokumentu berri horretan ehun bat ekintza gauzatzea aurreikusten da datozen lau urteotan. Lau bloketan banatuko dira ekintzak, honakoetan hain zuzen: Berdintasuna udalean integratzea, ahalduntze feminista sustatzea; indarkeria matxista prebenitu eta artatzea, eta zaintzaren gaineko lanketa sustatzea.

Zinegotziak zehaztu bezala, ekintzetako batzuen bidez udal araudia landuko da genero-ikuspegia bertan integratzeko helburuz; eta horrez gain, urtero ahalduntzera zuzendutako jarduerak eskainiko dira, jaietan indarkeria sexista prebenitzeko oinarrizko prestakuntza-ekintzak jorratuko dira€ eta beste hainbeste.

Gogoan izan behar da 1998tik Santurtziko Udalak Berdintasun Zerbitzua duela, zeinaren eginbehar nagusia prebentzioan jardutea izan den eta horrez gain, herritarrenganako sentsibilizazioa lantzea eta indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeekiko arreta koordinatzea ere bai, "ez hori bakarrik, emakumeen ahalduntzea eta genero-berdintasuna sustatuko dituzten ekintzak jorratu nahi ditugu. Eta asmo horrekin diseinatu da, hain zuzen, Berdintasun Plan berria, gaur Osoko Bilkuran onetsi dena gure konpromiso esplizitua ezagutzera eman dadin."