Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroak 17 ikastaro eskainiko ditu otsailetik ekainera bitartean: zortzi urte osokoak eta bederatzi puntualak. Hala, ikastaro horietan parte hartzeko izena emateko epea ireki berri du Udalak.
URTE OSOKO ZORTZI IKASTARO
Urteko ikastaroak joan den urrian hasi eta ekainera arte luzatuko dira: saloi dantzak, bitxigintza, yoga, zur langintza, mindfulness, joskintza, puntoa & crochet eta zeramika. Ikastaro horiek urrian hasi baziren ere, dituzten ezaugarriak direla eta, urteko edozein unetan onar ditzakete ikasleak. Beraz, zornotzarrek izena eman ahal izango dute plaza hutsak dituzten ikastaro hauetan.
Izena emateko epea otsailaren 2an zabalduko da, eta plazen esleipena iritsitako ordenaren arabera egingo da.
BEDERATZI IKASTARO PUNTUAL, OTSAILETIK EKAINERA
Ikastaro puntualei dagokienez, hauxe da otsailetik ekainera bitartean aurkeztutako eskaintza: bi sukaldaritza-ikastaro izango dira, horietako bat fast food osasungarriaren inguruan, eta bestea bost kontinenteetako sukaldaritzari eskainia; bi marrazki-tailer, bata helduentzat eta bestea umeentzat; dekorazio-tailer bat, espazioak antolatzen eta sortzen ikasteko; ikastaro bat, jaioberrientzako feltrozko eskulanak egiten ikasteko; akroyoga ikastaroa, izenak berak dioen bezala, yoga, akrobaziak eta masaia tailandiarrak uztartzen dituena; beste bat sare sozialetarako eduki interesgarria sortzen ikasteko; eta azkena, autodefentsa feministari buruzkoa, 12 eta 16 urte bitarteko neskei zuzendua.
Ikastaro puntualetan izena emateko epea otsailaren 2tik 22ra izango da. Plazak baino pertsona gehiagok izena emango balute, zozketa egingo litzateke otsailaren 24an, eguerdiko 12: 00etan. Ikastaro puntualak otsailaren 28an hasiko dira.