Aurtengo ekitaldiko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskatu nahi dituzten herritarrek datorren astelehenetik aurrera, otsailak 7, egin ahal izango dute. Amorebieta-Etxanoko Udalak data hori jarri egin du biztanleek beharrezko dokumentazioa eskatzeko eta aurkezteko.
Laguntza hauek urteko izaera dute eta gastu zehatzei, arruntei edo apartekoei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonei daude zuzenduta. Hau da:
- Etxebizitzaren erabilerarako eta mantenurako beharrezkoak diren gastuetarako, hala nola, errenta, hipoteka, energia, etxebizitzaren mantenua, altzariak, etxetresna elektrikoak…
- Lehen mailako beharretarako: elikadura, laguntza teknikoak, prestakuntzarako gastuak…
- Aurreko kontzeptuek eragindako zorpetzeetarako.
ESKAERA ETA PROZEDURA
2022rako prestazioak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren Agindua argitaratzeke dago. Argitaratzen den unean, Udalaren webgunean eskuragarri dagoen izapidearen informazioari gehituko zaio, laguntza horiek kudeatzeko, lehenesteko eta emateko udal-irizpideekin batera.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskaera egiten duen pertsonak Amorebieta-Etxanon erroldatuta egon beharko du eskaera egiten duen momentuan, eta gutxienez sei hilabeteko errolda izan beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan. Era berean, adinez nagusi izan beharko du, ez du baliabide ekonomiko nahikorik izan beharko eta bizikidetza-unitate bat osatua izan beharko du eskabidea egin baino urtebete lehenagotik.
Eskabideak Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu behar dira, dagokion dokumentazioarekin batera; horretarako beharrezkoa den informazio guztia Udalaren webgunean dago eskuragarri. Gizarte-larrialdietarako laguntzak lehen aldiz eskatzen dituztenek edo azken hiru urteetan laguntza horiek eskatu ez dituztenek hitzordua eskatu beharko dute aldez aurretik, Herritarren Arreta Zerbitzuaren bidez, Udaleko gizarte-zerbitzuetako gizarte-langile batekin.
Eskabidea eginda eta dokumentazioa aurkeztuta, interesdunari aurrez aurreko zitazioa egingo zaio Udaleko Gizarte Zerbitzuetan, eskaera formalizatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, dokumentazioa zuzentzeko.