Bizkaiko Foru Aldundiak azken hamar urteetako baso-suteen intzidentziarik txikienarekin itxi egin du 2021. urtea. Guztira, 25 baso-sute erregistratu ziren urte osoan zehar.

Su horien erdia baino gehiago, 13, foru-dispositiboak itzali zituen (Baso Zerbitzuko baso-agenteak, suhiltzaileak eta Basalaneko langileak) hektarea bateko hedadura hartu baino lehen (guztira 2,98 hektareako afekzioa izan zuten); beraz, arlo teknikoan sute-hasieratzat hartzen dira. Beste 9 sutek hektarea bat eta 5 hektarea artean kaltetu dituzte (erretako azalera osoaren 23,37 hektarea), eta gainerako hirurek bost hektarea baino gehiago erre dituzte (guztira 20,20 hektarea).

Apirilean gertatu ziren suterik gehienak (10), 26,19 hektareako azalera errez, hau da, kopuru osoaren % 56,2. Halaber, bost hektarea baino gehiagoko hiru suteetatik bi gertatu diren hilabetea da, guztira 14,20 ha erreta. Hirugarren suterik handiena abenduan izan zen, eta 6 hektarea sastraka erre ziren.

Baso-suteen kopuruari dagokionez, martxoa da hurrengo hilabetea, mota horretako 8 gertakarirekin, nahiz eta horietan erretako azalera 5,9 hektareakoa izan, horietako seik ez baitzuten hektarea bat erre.

Udako hilabeteetan, ekainetik irailera bitartean, abuztuan baino ez zen sute bat izan, 3,90 hektarea erre zituena; horrek berretsi egiten du Bizkaiko baso-suteen urtarokotasuna, non horrelako egitateak gertatzeko arriskurik handiena geldialdi begetatiboaren hilabeteetan kontzentratzen den, urria eta apirila bitartean.

Iaz suteek erretako azalerarik gehiena sastrakadiek hartzen zuten (39,32 hektarea, hau da, erretako guztiaren % 84,5). Beste % 14,2 (6,63 hektarea) zuhaitzak ziren, eta kaltetutako 0,60 hektarea baino ez ziren larre-eremuak izan.

BASOEN PREBENTZIO ETA KUDEAKETA JASANGARRIA

Azken urteotan, Bizkaiko Foru Aldundia baso-estrategia bat garatzen ari da, eta horrek eragin positiboa izan du baso-suteek eragindako beheranzko joeran. Estrategia horrek baso-masen kudeaketan eta erabileran jasangarritasuna eskatzen du. Horri esker, azken urteotan, Bizkaia izan da baso-ziurtagiri iraunkorra duen azalera handiena duen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lurraldea; era horretako plan gehien garatzen ari den lurraldea ere bada.

Baso-kudeaketa iraunkorraren aldeko apustu hori Baso-inguruneari Laguntzeko Planetan txertatutako neurri zehatzen bidez gauzatzen da. Plan hori 2015-2020 aldirako Landa Garapeneko Planean sartuta dago, EBk onartu eta kofinantzatuta eta 2022ra arte luzatuta. Plan horren barruan sartzen dira baso-suteen aurkako prebentzio-planak ezartzeko inbertsioetarako laguntzak, suteen aurkako hesien arrisku handiari aurre egiteko azpiegiturarik ez duten eta suteen aurkako arrisku handia dakarten eremuak egotea saihesteko.

Foru Erakundearen estrategia horretan, hartzen diren prebentzio neurri guztiek ere zeregin garrantzitsua dute. Baso-suteen hedapenean eta intentsitatean eragin handia du erregaiaren izaerak eta banaketak, modu nabarmenean; horregatik, funtsezkoa da Bizkaian diren baso-masen sastrakadi inbaditzailea ezabatzea eta egoki diren bakantze-, entresaka- eta inausketa-lanak egitea, bai eta baso-pista nagusien sarea mantentzea ere. Horrela, sua zabaltzea oztopatzen da, bero-ahalmena kentzen da eta sua zuhaitz-adaburuetara iristea saihesten da, izan daitezkeen kalteak minimizatuz.

Prebentziozko basogintzako lan horietara aurrekontu-baliabide garrantzitsuak bideratzen dira Onura Publikoko eta Ondare Basoetarako, bai mendi publikoetan, bai pribatuetan, Baso Jabeentzako Laguntza Planen bidez eta Naturaguneen Zuzendariordetzaren aurrekontu arruntaren bidez. Lan horien osagarri, baso-masa eremu etenetan zatikatzen da, baso-pisten sare egokia dagoelako, eta, gainera, sua sortzen den lekura itzaltzeko ibilgailuak azkar sar daitezke.