Síguenos en redes sociales:

2,6 milioi euroko inbertsioak egingo dituzte Markinan

Inoizko aurrekonturik handiena izango dute, aurtengoa baino %62a gehiago

2,6 milioi euroko inbertsioak egingo dituzte MarkinanM. U.

"Aurrekontu sendoa eta landua onartu du Udalak 2022rako, Markina-Xemein indarberritzeko proiektuak lantzea eta herritarren bizi kalitatea hobe-tzea ahalbidetuko duena, gaur egun berebiziko garrantzia duten arloak indartuz. Besteak beste garapen jasangarria eta efizientzia energetikoa, irisgarritasuna, auzoetako hobekuntzak, berdintasuna eta kultura". Hala azaldu dute Luis Egurrolak zuzendutako gobernu taldetik. Iragan den astearteab izandako plenoan eman zitzaion onarpena 7.985.004,64 euroko kontuei, EAJren aldeko boto eta EH Bilduren kontrakoekin, eta zatirik handiena, %32a zehazki, inbertsioetara bideratuko den da. Guztira 2.630.669,57 euro izango ditu horretarako Udalak.

Inbertsio nagusienak garapen jasangarria eta efizientzia energetikoa indartzera bideratuko dira. "Izan ere, Udala dagoeneko ari da Energia Planean zehazten diren zenbait neurri aurreratzen". Aipatzekoak da Atxondo Kiroldegian egingo diren lanak: eguzki panel termiko eta fotovoltaikoak (133.100 euro) eta inguratzaile termikoak (741.777 euro), aldagela berriak (genero eta irisgarritasun ikuspegitik egokituta), igerileku txikirako inguratzaileak eta gimnasiorako aire egokitua (724.620 euro). Jakinarazi dutenez, "kiroldegirako inbertsio guzti hauek aurrera eramateko 1.692.000 euroko mailegu berria sinatuko du Udalak. Momentuz, instalazioen hobekun- tzetarako 322.965 euroko diru-laguntza jaso da".

Bestetik, efizientzia energetikoa ere garrantzitsua izango da datorren urtean. Hala, frontoian eguzki plakak jarriko dira eta Barroetako futbol Zelaian plaka termikoak. "Horrez gain, futbol zelaian belar artifizial berria jarriko da (180.000 euro). Bestetik, auzoetara bideraturiko partidak inoizko igoera handiena izan du. "Hala, auzo-bideen konponketa eta inbertsioetara 107.030 euro bideratuko dira".

Diotenaren arabera, "irisgarritasuna da aurrekontuak indartzen duen beste alorretako bat". Izan ere, herritarren erabilpenerako eta hainbat ekitalditarako erabiltzen den Esperantza eraikinean eraberritze lanak egingo dira. Igogailua jarriko da, besteak beste, eta guztira 360.100 euro bideratuko dira,

Berdintasuna, kulturaren sustapena (jaien partida %5a igoko dela aurreratu dute), turismoa eta ondare historikoari buruzko partidak ere indartuak izango direla nabarmendu du Egurrolak gidatutako Markina-Xemeingo Udalak.