Afganistan: krisi politikoa eta emakumearen eskubideak 'jardunaldia inauguratu da gaur Jesus Javier Perea Migrazioen Estatu idazkariaren eskuz. Topaketa honetan Afganistango emakumeek talibanen teokrazia matxistaren aurrean duten ausardia gogorarazi nahi izan dute, "ausardia horrek nazioarteko komunitatearen aintzatespena eta babesa eskatzen baititu". Besteak beste, Antonio Pampliega kazetariak, Susana Mangana katedradunak eta Nilofar Bayat Kathera Dafner ekintzaile afganiarrak ere parte hartu dute.

Jardunaldiari hasiera eman diote Jesus Javier Perea Migrazioen Estatu idazkariak, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuak eta Gorka Urrutiak, hau da, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak.

Ondorik, mahai-inguru bat egin da 'Gatazka eta nazioarteko testuingurua'ri buruz. Bertan, Uruguaiko Unibertsitate Katolikoko Ikasketa Arabiar eta Islamikoen Katedrako Susana Manganak eta gatazka guneetan espezializaturik dagoen Antonio Pampliega kazetariak hartu dute parte. Azkenik, amaiera ekitaldiaren aurretik, Patricia Campelo Bizkaiko Berdintasun zuzendariaren eskutik, "Emakumeen eskubideen eta egoeraren aurrerapenak eta atzerakadak" izeneko mahai-ingurua egin da, Nilofar Bayat kirolari eta emakumearen eskubideen aldeko ekintzailearekin eta Kathera Dafner Giza Eskubideen defendatzailearekin.

Bere hitzaldian, Laespada diputatuak berretsi egin du Aldundiak hartutako konpromisoa, Afganistango emakumeak ez ahazteko eta talibanak jasanarazten ari zaienaren aurrean axolagabekerian ez erortzeko.

"Eutsi diezaiogun gure arretari eta, horrekin batera, haienganako dugun energiari. Emakumeok behar gaituzte. Gure elkartasuna eta enpatia behar dute. Hemen daudenekin sareak egitea behar dute, baina baita han daudenekin ere", azaldu du.

Era berean, salatu du "talibanek berriro sentiarazten dietela emakumeei estatu teokratiko baten dogma zaharra, askatasunen zapaltzailea eta gupidagabea, emakumeei mendekotasuna ezartzen diena eta bizitza publikotik aldentzen dituena".

Horien aurrean, herrialde horretako emakumeek "euren eskubideen alde eta kalean eta unibertsitatean berdintasunaren alde borrokatuz erantzun dute, errebeldiaz eta itxaropenez", eta horrek "gure aintzatespen osoa" merezi duela azpimarratu du.

"Indarkeria matxista ikaragarria da. Badakigu Afganistango emakumeek mundu osoko indarkeria-tasarik handienetako bat jasaten dutela, eta indarkeria-egitate horietako gehienak etxean gertatzen direla. Giza eskubideak eta balio demokratikoak ezin dira sakrifikatu geopolitikaren aldareetan. Emakumeok babestea gure lehentasuna izan behar da", azpimarratu du.