Avanzadako errepideko trafikoa eta segurtasuna hobetzeko lanak amaitu dira, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Tarte hori hobetu egin da, istripu-tasa handia zelako, eta 2,7 milioi euroko inbertsioa eragin du.

Zirkulazioaren korapiloak ezabatu dira eta irteerak berrantolatu dira, errepide nagusiaren eta Leioako barne zirkulaziora eta merkataritza-guneetara eramaten duen alboko bidearen artean sarrerak eta irteerak errazagoak izan daitezen.

Horrez gain, bidearen funtzionaltasuna indartu da, Udondoko lotunean biribilgune berria eginez. Biribilguneak hobetu egiten du Leioako barne lotura, eta Avanzadatik eta Avanzadarako sarbideak hobetu ditu udalerri horretako herritarrentzat.

Aldundiak 2,7 milioi euroko inbertsioa egin du lan horietan; lanak otsailaren 11n hasi ziren eta zortzi hilabetean amaitu dira, hau da, hasieran aurreikusitakoa baino hilabete lehenago. Herritarrei eta erabiltzaileei ahalik eta oztopo gutxien egiteko moduan egin dira lanak; izan ere, lehentasuna eman zaio Avanzadaren enbor nagusia eta alboko bidea beti irekita egoteari, eta lan gehienak gauez egin dira, hirigunean zaratak saihesteko.

Hirugarren fasea, 2022an

Aldundiak Avanzada berrantolatzeko lanak hainbat fasetan banatu ditu, eta lan hauek jarduketa orokor horren barruan sartzen dira. Normalean auto-pilaketak egoten diren puntuetan esku hartu du, errepide horretako arintasuna eta bide-segurtasuna hobetzeko asmoz; errepide horrek, hain zuzen, Leioako hiri-bilbea zeharkatzen du eta, bertatik, 100.000 ibilgailu baino gehiago igarotzen dira egunero.

Lehenengo fasea 2002. urtean garatu zen, tunelaren eta Artazako biribilgunearen arteko tartean, Getxon; fase horretan 1,1 milioi euroko inbertsioa egin zen. Aurtengo lanen ostean, 2022. urtean hirugarren fasea hasiko da, errepide komunaren eta Getxorako noranzkoan doan alboko bidearen artean zirkulazio-aldaketak berrantolatzeko, unibertsitaterako lotunearen (p.k.: 10+310) eta tunel aizunaren (p.k.: 11+590) artean dagoen tartean.

Avanzadako lan horiek, gainera, bat datoz Errontegiko zubiaren beste alternatiba batzuk bilatzeko asmoz Aldundia egiten ari den beste jarduketa batzuekin, behintzat itsasadarraren azpiko tunela eraikita eta abian egon arte (2028. urterako aurreikusita). Jarduketa horietako batzuk dira, hain zuzen ere: gaur egun Kukularrako korapiloan egiten ari den lanak, Plaiabarritik BI-637 errepidera sartzeko lanak, eta Gurutzetako bide-aldagunean egingo dituen lanak.