Síguenos en redes sociales:

Enpresa-ideien lehiaketa bueltan da Lea-Artibain

Urriaren 2ako eskualdeko ekintzailetza egunean emango dituzte sariak

Enpresa-ideien lehiaketa bueltan da Lea-ArtibainAzaro Fundazioa

Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentzia-Behargintza enplegu eta tokiko garapenerako zentroak, Lea-Artibaiko enpresa proiektuen lehiaketaren hamalaugarren edizioa berreskuratu dute. Nahiz eta urtero antolatzen duten lehiaketa hau iaz bertan behera utzi behar izan zuten pandemiaren ondorioz, ekimena bueltan dela konfirmatu dute antolatzaileek. Hiru sari banatuko dituztela aurreratu dute, beste hainbat kategoriatan: negozio berritzaileena, merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresak eta proiektu kooperatibo onena.

"Iaz lehiaketa bertan behera geratu zenez, aurtengo ediziora 2019 eta 2020 urtean Lea-Artibai eskualdean enpresa berri bat martxan jarrita edo 2021ean martxan jartzeko asmoa duten ekintzaile guztiak aurkeztu daitezke", diotenez. Enpresa proiektu kooperatiboei dagokionez, Lea-Artibai eskualdean kokaturikoez gain, Busturialdea, Durangaldea eta Debabarrenean kokatutakoak ere aurkeztu ahalko dira lehiaketara. Ekimen honen helburua "ekintzaileen ahalegina eta lana" saritzea, eta Lea-Artibai eskualdean eta bere ingurune hurbilean lanpostuak sortzea da.

Saria eskuratzen duten ekintzaileek Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen enpresa-haztegian kokatzeko erraztasunak izateaz gain, "erakunde antolatzaileek kudeatzen dituzten programa ezberdinetan parte hatzeko aukera izango dute. Gainera, enpresa martxan jarri bitartean eta ondorengo urteetan aholkularitza eta laguntza jasoko dute". Lehiaketan gailentzeagatik ere diru kopurua jasoko dute ekintzaileek, izan ere negozio ideia berritzaileena aurkezten duenak 2.000 euro jasoko ditu eta merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa ideiarik onenak 1.500 euro poltsikoratuko ditu; eta aenpresa-ekimen kooperatibo irabazleak beste 2.000 euro izango ditu. Sari banaketak ere badu hitzordua ezarrita; urriaren 2an izango da Markina-Xemeinen ospatuko den Lea-Artibaiko Pertsona Ekintzailearen Egunaren baitan antolatuko diren ekimenekin batera.

"Lehiaketan parte hartzeko interesa duten guztiek inskripzio-orria eta lehiaketaren oinarriak eskuragarri izango dituzte Azaro Fundazioa (www.azarofundazioa.com) eta Leartibai Garapen Agentzia-Behargintzaren (www.leartibai.com) webguneetan". Ideiak aurkezteko epea irailaren 28a amaituko da. Aurtengo edizioari dagokionez, herritarrentzako ere saria egongo dela nabarmendu dute. "Bertoko produktuekin osatutako Hamen Bertokoa otzara bat jaso ahal izango dute, ekimen hau sare sozialen bidez komunikatzen eta zabaltzen parte hartzen dutenek: bi erakunde antolatzaileek lehiaketari buruz argitaratzen dituzten argitalpenak komentatuz, eta/edo Lea-Artibaiko Pertsona Ekintzailearen Egunerako programatutako ekimenen harira herritarrak bere sare sozialetara igo ahal izango dituen argitalpenetan Azaro eta Leartibai (bi erakundeak) aipatuz".

Lea-Artibai eskualdearen garapenarekin konprometituriko bi erakunde hauek beraien misioaren baitan jasota dute enpresa berrien sorreraren alde lan egitea, "eta ekimen honekin, ekintzaile-tza kultura hedatzeko eta enpresekin erlazionatutako ekimen berriak sustatzeko ahalegin berezia" egiten dute. Guztira, "38 proiektu saritu dira orain arte eta 80.000 euro banatu dituzte erakundeok sarietan".

Ekintzailetza

Sariketa. Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agen-tziak antolatutako enpresa-ideien lehiaketan hiru modalitatetan izango dira: negozio ideia berritzaileak; merkatari-tza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresak eta proiektu kooperatiboak.

200 proiektu. Orain arte antolatutako edizio guztietan 200 proiektutik gora aurkeztu dira. Guztira, 38 proiektu saritu dira eta 80.000 euro banatu dituzte erakundeok sarietan".