Euskotrenek zuzenean kudeatuko du Larreinetatik Zugaztietarako autobusa, iragarri dutenez. Kudeaketa baliabide propioekin egingo da, bai pertsonalekin, bai materialekin. Zerbitzu horrek funikularraren luzapen gisa funtzionatzen du, eta, horri esker, Trapagarango goiko aldean bizi direnei kalitatezko garraio publikoko zerbitzu bat eskaintzen zaie.

Neurri horren bidez, Euskotrenek - Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko Sozietate Publikoa - Funikularraren zerbitzua eta Zugaztietarainoko anezka-autobusa ustiapen %100 jasangarri eta zero emisio bihurtu nahi ditu. Horretarako, motor termikoko egungo autobusaren ordez elektrikoa jarriko da, 8,9 metrokoa, dagoeneko erosita dagoena eta 2022ko lehen hiruhilekoan zerbitzuan sartuko dena.

Euskotreneko zuzendaritzak adierazi duenez, 'anezkaren kudeaketa zuzenak ilusioz beteriko etapa irekitzen du, eta baita autobus-zerbitzurako erronka berriak ere; izan ere, beste hobekuntza batzuen artean, bost lanpostu sortuko dira.

Era berean, anezka-zerbitzua modu eraginkorragoan eskaintzeko helburuarekin, goizeko lehen ibilbideak - lanegunetan 4:40tik 6:10era - taxi bidez emango dira. Neurri hori oso hedatuta dago EAEko beste ustiategi batzuetan, eta eguneko lehen ordu horietan eskaera txikia izateagatik justifikatzen da.

Euskotrenek zerbitzuan sartu dituen hobekuntza horiek Larreinetako funikularraren monumentu-multzo osoari balioa ematearen aldeko apustuaren barruan sartzen dira, ez bakarrik garraio publiko iraunkor gisa, baita elementu historiko eta erakargarri turistiko gisa ere, Kultura-Ondareko Ondasun deklaratu baitzen.