Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntzen deialdi bat onartu du udalek eta mankomunitateek klima-aldaketari eta energia-eraginkortasunari buruzko plangintza-azterlanak egin ditzaten, eta argiterian eta eraikin publikoetan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea lortzen duten ekipoetako inbertsio-jarduketak egin ditzaten. Laguntza horien gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da ikasketen kasuan, eta 40.000 eurokoa proiektuen kasuan. Laguntza horiek lehia askearen bidez emango dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak 500.000 euro bideratuko ditu lurraldeko udalek eta mankomunitateek klima-aldaketaren aurka borrokatzeko inbertsio-proiektuak eta azterlanak egin ditzaten, energia aurrezteko eta energiaren arloko eragingarritasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko neurriak bultzatuz.

Diru-laguntza horiek lehia askeari doakion araubidean emango dira, eta hiru arlotan garatzen diren ekimenetan banatuko dira:

Klima-aldaketari buruzko plangintza; horren barruan, gai horri buruzko planak egiteko azterlanak eta energiari buruzko azterlanak bultzatuko dira, udal edo eskualde esparruei dagokienez.

Argiteria publikoa. Arlo horri dagokionez, kanpoko argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea erdiesten duten jarduketak finantzatzen dira, agiri bidez justifikaturik dagoen A klaseko kalifikazio energetikoa dutenak, bai eta argiztapen hori monitorizatzeko sistema iraunkorrak instalatzea eta egikaritze-proiektuak eragingo dituzten azterlan eta analisi energetikoak egitea ere.

Udaletxeetan eta udal ekipamenduetan energia elektrikoaren eta/edo erregaiaren kontsumoa murriztea erdiesten duten eraikin publikoetako jarduketak. Zehazki, girotzeko eta/edo ur bero sanitarioa ekoizteko sistemak instalatzea, kogenerazioko eta trigenerazioko instalazioak, energia-kontsumoak urrutitik monitorizatzeko sistema iraunkorrak aplikatzea, eta kanpoko energia-kontsumoa ekoizpen termikoaren alorreko sistemen bidez murrizten duten baliabide berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak (biomasa-galdarak, instalazio geotermikoak, aerotermia eta eguzki-instalazio termikoak), eta azterlan eta analisi energetikoak egitea.

Diru-laguntza horien gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da ikasketen kasuan, eta 40.000 eurokoa proiektuen kasuan.

Laguntza horiek eskuratu nahi dituzten udalek eta mankomunitateek eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte aurtengo irailaren 30era arte, foru egoitza elektronikoaren bitartez edo aurrez aurre, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren erregistroetan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren erregistro orokorrean.