Euskalduna Jauregiak Bizkaia Talentek antolatutako jardunaldi berezi bat jaso du gaur goizean, uztailak 6. Ekitaldia eraikuntzari eta talentuari buruzkoa izan da, eta bertan eraikuntzaren sektoreak dituen erronkak izan dira gai nagusia.

Jardunaldiari hasiera emateko, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, Euskadiko lan-merkatuaren errealitateari buruzko erradiografia bat egiteaz gain, gure erkidegoak epe laburrean duen erronka demografikoa azaldu du. Errealitate horren ondorioz, izan ere, talentua atxiki eta erakartzeko lan egin beharra dago, enpresek eta ekonomiak lehiakorrak izaten jarrai dezaten. "Gure ongizateari eutsi eta gure lehiakortasuna hobetzeko, gaur gaurkoz talentua eta prestakuntza funtsezko elementuak dira. Halaxe gertatzen da eraikuntzaren sektorean ere. Goranzko joera partekatua datorkigula uste dugu. Ondorioz, datorkigun erronka horri aurre egiteko, arlo horretan erantzukizuna duten agente guztiak bateratu behar ditugu. Erronka kolektiboa delako, eta, beraz, guztion ekarpena behar delako", ziurtatu du Pradelesek.

Ivan Jiménez Bizkaia Talenteko zuzendariak zenbatekotan azaldu du erronka: hurrengo hamar urteetan, Euskadin biztanleria aktiboa murriztu egingo da: 200.000 pertsona inguru gutxiago egongo dira. Bestalde, 35 urtetik beherakoen taldean azken hamabost urteetan beherakada nabarmena egon da lan egiten duten pertsonen artean: 355.000 pertsona izatetik 195.000 pertsona izatera. Horrez gain, euskal unibertsitateek duela bi hamarkada urtean 15.000 pertsonari ematen zieten prestakuntza eta, gaur egun, aldiz, 9.000 inguru dira graduatuak. Kopuru horien guztien ondorioz, sektore ekonomiko askotan profil profesionalak falta dira.

Iñaki Urresti da Bizkaian eraikuntzaren sektoreko patronaleko arduraduna eta, adierazi duenez, sektorearen erronkak hain zuzen ere suspertzeko gaitasunarekin daude lotuta: "eraikuntzaren sektorea ardatza da, eta, hura zeharkatuz, hainbat jarduera daude, besteak beste energia berriztagarriak, mugikortasuna eta hiri adimentsuak. Jarduera horietara milioi askoko inbertsioak egingo dira Europa mailan. Eta, horren ondorioz, sektoreak hazkundea biziko du. Horrenbestez, talentu asko beharko dugu. Talentua behar dugu ekoizpen-eredu berriak jorratu eta garatzeko industrializazio eta eraikuntza 4.0ren arloetan, bai eta finantza-eredu egokiak sustatzeko ere, enpresek arrakastaz ekin diezaioten aurrean duten hazkunde-etapari. Talentua behar dugu, era berean, giza baliabideak kudeatzeko".

Bestalde, IDOMeko zuzendari nagusia den Álvaro Rey Cepedak azpimarratu duenez, talentuak berebiziko garrantzia du konpainiak hedatzeko planetan, lehiakorrak izaten eta beste merkatu batzuetan presentzia edukitzen jarraitzeko, ingeniaritza bizkaitarra horren lekuko. Gaineratu duenez, enpresa horrek nazioarteko talentua erakartzeko politika aktiboa sustatzen du, tokiko prestakuntza indartzearekin batera, konpainiaren funtsari eusteko, sustraiak galdu gabe.