Datorren igandean, uztailak 4, amaitu egingo da foru aretoan ikusgai dagoen 'Agustin Ibarrola, naturalki' obraren erakusketa. 2020ko urriaren 24an obra inauguratu zenetik 24.952 bisitarik ikusi egin dute erakusketa, eta espero da oraindik jende gehiago pasatzea aretotik.

Artista bizkaitar esanguratsuaren 90. urtebetetzearen ospakizun honek sortzaile honen lengoaia plastikoak ingurune naturalarekin duen lotura erakusten du. Instalazioak Bilboko Rekalde Areto osoa hartzen du espazioari dagokionez, eta Agustin Ibarrolak ekoizpen plastiko osoan zehar naturarekin duen harremanean sakontzen du.

Ikus daiteke Agustin Ibarrolaren ibilbide artistiko osoan zehar naturarekiko harremana ezinbestekoa dela bere sorkuntzetan, erakusketako komisarioa den Jose Ibarrolak, artistaren semea eta bera ere artista, adierazi duen bezala. Horrela Rekalde Aretoak sortzailearen lengoaia artistikoa egituratzen duten eta naturarekin hertsiki lotuta dauden gakoak erakusten eta azaleratzen ditu.

José Ibarrolarentzat: "Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran natura eta trenbide trabesak bere margolan eta eskulturen euskarri gisa sartu zituenean, argi eta garbi bere ekoizpen artistikoaren etapa berri bat ireki zuen". Horrela, "Lengoaia plastiko propioa, konplexua eta garaikidea garatzen hasi zen. Lurrazpiko ibai sakon batek bezala, bere ekoizpena zeharkatzen duen eta bere obra guztian zehar igarotzen den lengoaia, espresionistenetik arrazionalistenera edo figuratibotik abstraktuenera".

"Agustin Ibarrola, naturalki" erakusketaren ibilbidea artistak lantzen dituen euskarri materialekin lotutako arloetan egituratzen da: zura, harria, burdina eta papera; lan eta irudi ugari biltzen dira euskarri horien inguruan.

Erakusketan margolanak, eskulturak, collageak, marrazkiak, maketak eta ingurune naturalean egindako esku-hartzeen argazkiak daude, hala nola Omako Baso Margotua bezalako ospetsuak eta adierazgarriak edo dagoeneko gaur desagertuta dauden Ereñozarreko arrokak bezalakoak, eta baita argitaratu gabeko beste batzuk ere, hala nola Omako bere baserriaren inguruko zuhaixken hostoetan egin dituen azken margo-lanak.