Bizkaiko Foru Aldundiak 1.296.530 euroko inbertsioa egingo du Ondarroako zubi birakaria zaharberritzeko. Lanak udan egingo dira. 847.541 euro egitura metalikoa birgaitzeko erabiliko dira, eta gainerako 448.989 euroak, aldiz, zutabeak birkokatzeko.

Gaur egun, egiturari eta biratzeko mekanismoei funtzionamendu eta doikuntza probak egiten ari zaizkie, lekualdatu eta Ondarroan jarri aurretik, eta hori uztailean egitea aurreikusten da.

Zubi birakaria edo hondartzako zubia (plaiko zubixe) 1927an eraiki zen, eta Kultura Ondasun gisa katalogatuta dago, monumentu kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian. Munduan kontserbatzen den bere tipologiako zubi bakarrenetakoa da. Zati metalikoak korrosioaren eraginpean zeudenez, 2019ko ekainean Aldundiak birgaitzeari ekin zion, hau da, altzairuzko piezak artisau tekniken bidez berreskuratu edo erreplikatu zituen. Halaber, harrizko eta hormigoizko bi zutabeak birkokatu eta birjartzeko ere esku hartu dute, asentu arazoak baitzituzten.

FUNTZIONAMENDU PROBAK

Gaur egun, pasabidean funtzionamendu probak egiten ari dira benetako baldintzetan, metalezko egitura zaharberritu den lantegi espezializatuan. Proba horiek Carreñoko (Asturias) lantegi horretan egiteko, Ondarroako bi oinarriak zehatz-mehatz erreproduzitzen dituzten bi oinarri eraiki dira, kokapen eta distantzia berekoak. Benetako baldintzak ahalik eta zehaztasun handienarekin erreproduzitzeko, gainera, biratzeko mekanismoak, zubiaren tronadura eta barandak ere lekualdatu dira.

Horrenbestez, biraketa mekanismoen funtzionamendua egiaztatzeaz gain, probek bi zati mugikorren posizioa doitzeko balio dute, zehaztasun milimetrikoarekin egon behar baitute elkargunean.

EGITURA METALIKOA ZAHARBERRITZEA

Bi zatik osatzen dute egitura metalikoa, eta bakoitzak bere erara biratzen du. Jatorrizko piezak altzairuzkoak ziren, eta narriadura egoera handian zeuden korrosioagatik; hori dela eta, 2016an itxi egin zuten pasabidea. 2019ko ekainean desmuntatu ondoren, lantegian lan egin da aprobetxatu zitezkeen jatorrizko piezak berreskuratzeko; hala, zurrustaz tratatu dira oxidoa kentzeko eta ondoren garbitzeko eta pintatzeko.

Berreskuratu ezin izan diren piezak artisau teknika eta prozedurak erabiliz erreplikatu dira, gaur egungo eraikuntza modernoan erabiliko zirenen guztiz bestelakoak. Jatorrizko egituran bezala, erreplikak ere altzairuzkoak dira.

Egitura metalikoa zaharberritzeko lanak 2020ko abenduan amaitu ziren eta ondoren kolore berde eta beltzez pintatu ziren.

BIRATZEKO MEKANISMOAK ZAHARBERRITZEA

Biratzeko mekanismoak zutabe bakoitzaren gainean daude, eta kremailera biribil batean oinarritzen dira. Kremailera horren gainean pinoi bat mugitzen da. Pasabidearen historian zehar, mekanismo hau sistema elektriko eta eskuzkoekin erabili izan da. Birgaitu ostean, jarritako sistema eskuzkoa izango da, jatorrian zuen sistema, hain zuzen.

ZUBIAREN OINARRIAK BIRKOKATZEA ETA ASENTATZEA

Birgaitze lanen funtsezko alderdi bat pasabideari eusten dioten harrizko eta hormigoizko zutabeen gainean jardutea izan da; jatorrian, itsasadarraren hondarrezko hondoan asentatzen ziren, lur ezegonkor batean, Artibai eta itsasaldien ur-korronteen mende. Hori dela eta, bi zutabeak jatorrizko posiziotik aldenduta zeuden; ezkerreko zutabea 40 zentimetro inguru mugitu zen itsasadarraren barrualdera, eta eskuinekoak 4 zentimetroko okerdura zuen. Bi fenomenoak ez ziren agertu pasabidea desmuntatu arte, honek tirante lana egiten baitzuen, zutabeak bere tokian mantenduz.

Zutabeak jatorrizko geometriara eta kokapenera itzultzeko, mikropiloteen bidez arrokazko hondora finkatu dira, beste desplazamendurik edo balantzarik ez egiteko, eta pasabidearen kargak arroka substratura transmititzeko. 2020ko azaroan hasi ziren lan horiek, eta iragan maiatzean amaitu.

LEKUALDATZEA ETA INSTALATZEA

Biratzeko mekanismoen funtzionamendu probak eta pieza mugikorren geometriaren doikuntza amaitzen direnean, errepidez garraiatuko dira Ondarroara, behin betiko muntatzeko. Garraioa ez da lan erraza, egituraren tamaina eta pisuagatik, 23 metro inguru luze eta 14 tonako pisuko bi piezaz osatuta baitago.

Egitura Ondarroara iristean, lehenik eta behin, biratzeko mekanismoak zutabeen gainean jarriko dira eta, horren ostean, zati mugikorrak biratzeko mekanismoaren euskarrien gainean.

Pasabidearen instalazioa osatuko da barandak eta egurrezko taula jarriz eta urbanizazioarekin, mekanismoaren azken doikuntzak eta probak egiteko.