Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdi ekonomikoak gogor astindu ditu hainbat sektore. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak 2.000 enplegu inguru defendatzea lortu egin du denbora horretan garatutako enplegu-politikei esker.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak 2020-23 Enplegu Plana aurkeztu du gaur Batzar Nagusietako Batzordean. Plan horretan, hain zuzen ere, pandemiaren azken hilabeteetan garaturiko (premiazkoago izaera zuen eta berehala aplikatzeko zen plan baten bidez, Enplegua Defendatzeko Plana deiturikoa) politiken ikaskuntza eta esperientziak jasotzen dira, eta politika horiei esker posible izan da 2.000 lanpostu defendatzea.

"Dakizuen bezala, alarma-egoeraren aurretik, Enplegu Plana amaitzen ari ginen, baina inguruabarrek izugarri irauli zuten egoera. Horren ondorioz, bira egin eta Enplegua Defendatzeko Plana jarri behar izan genuen martxan", azaldu du.

Ildo horretatik, adierazi du premiazko izaera duen eta pandemiaren ohiz kanpoko inguruabarretara egokituta dagoen plan honek Aldundiaren finantzaketa publikoko bost milioi euro mobilizatu dituela.

Laburbilduz, ekintzak honako programa hauen bidez zehaztu dira:

  • Manten programa: hamar langile baino gutxiagoko mikroETEetan eta ETEetan enplegua mantentzeko. 631 pertsonen enpleguak mantentzea ahalbidetu du; horietatik, 399 pertsonek kontratu mugagabe bat lortu dute.
  • Kontrata programa: 100 langile baino gutxiagoko mikroETEetan eta ETEetan kontratazioa bultzatzeko. Horri esker, 688 pertsona kontratatu ahal izan dira; eta horietatik, 303 pertsonek kontratu mugagabe bat lortu dute.
  • Kontrata 30 programa: praktiketan dauden gazteak kontratatzeko. 206 pertsona kontratatzen lagundu du.
  • Tokiko enplegua sustatzeko 3R programa: udalekin eta Behargintzekin lankidetzan. Horren bidez, laguntza eman zaie 532 langaberi.
  • 3R Enpresa programa: 667 langaberi laguntza ematea ahalbidetu du; horietatik, 201ek enplegua lortu dute.
  • 3R Unibertsitateak programa: honen bidez, laguntza eman zaie 193 gazteri. Hogeita hamar bat inguruk enplegua lortu dute.
  • Enplegu-prestakuntza programa mistoa: DEMA - Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren bidez, 73 langaberi lagundu zaie, eta horietako 23k enplegu bat lortu dute.

Laespadak adierazi du, halaber, "dagoeneko ez dela nahikoa gizarteratzea bermatzeko"; izan ere, "kalitatezko enplegua izan behar da, ondo ordaindua, eta eragin positiboa izango duena langileen bizitzan eta ekonomiaren hazkundean".

2020-23 ENPLEGU PLANA

Agerraldi honetan, diputatuak aipaturiko 2020-23 Enplegu Plana aurkeztu du. Plan horrek sei erronka, 16 helburu eta 58 ekimen ditu, eta langabeei laguntzea eta lan-eskaintzak dituzten enpresen beharrak ditu ardatz.

Planaren bidez Langabeziaren Kostu Soziala prebenitu eta murriztu nahi da, hau da, langabeziak gizarte batean eragiten duen ongizate-galera. Horretarako, hainbat erreferentzia-aldagai ditu, hala nola, langabezia-tasa, diru-sarreren galera edo langabezian kronifikatzeko aukera.

"Langabezia eta behin-behinekotasuna segmentaturiko lan-merkatu baten icebergaren gailurra dira; eta horien kostu soziala eta lan-prekarietatea dira ondoriorik dramatikoenak", azaldu du.

Era berean, adierazi du plan hori parte-hartzean eta gobernantzan oinarritzen dela, eta pertsonak eta enpresak direla protagonistak. Era berean, adierazi du osagarria dela beste erakunde batzuekin eta zuzentasun, berdintasun eta dibertsitatetik eraikita dagoela.