Lurraldeko Arreta Goiztiarraren arloko profesionalei bideratutako jardunbide egokien gida berri bat argitaratu egin du Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza sailak. 'Bizkaiko Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldearen (AGBT) jardunbide egokien gida' izeneko publikazioak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin (Osakidetza) eta Hezkuntza Sailarekin lankidetzan egin dute, eta hezkuntza-, osasun- eta gizarte-sistemetako profesionalen lana 0-6 urte bitarteko haurrekin eta haien ingurune hurbilenarekin lotzeko oinarriak ematen ditu.

Gidak, atal guztietan, Arreta Goiztiarra ulertzen laguntzen du, haren eredua eta helburu espezifikoak errepasatuz, haren hartzaileak deskribatuz, haren antolamendu funtzionalaren funtsezko elementuak aztertuz, eta haren printzipioak laburtuz, bai eta erabiltzaileen eta profesionalen eskubideak eta betebeharrak ere. Halaber, Bizkaiko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuaren funtsezko lau prozesuak zehatz-mehatz deskribatzen dira dokumentu honetan, zerbitzuaren lau jarduera-faseei dagozkienak: detekzioa, balorazioa, esku-hartzea eta amaiera. Horietako bakoitzean, honako alderdi hauek aztertzen dira: definizioa, prozesuaren deskribapena, emandako zerbitzuak, sarbide-irizpideak, jardunbide egokiak eta hartutako konpromisoak. Gida honek etengabeko hobekuntzarako tresna izan nahi duenez, prozesu horien eta haien emaitzen autoebaluazioa erraztuz, aipatutako alderdi gehienetarako, gainera, adierazle batzuk proposatzen dira.

"Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldearen (AGBT) Jardunbide Egokien Gida"ren izateko arrazoiak eskainitako zerbitzuaren kalitatearen gaineko prestakuntzari eta hausnarketari laguntzeko beharrari erantzuten dio. Ildo horretan, adostutako eta ikuspegi irekiko dokumentu honen asmoa Bizkaiko AGBTaren autoebaluaziorako eta etengabeko hobekuntzarako lagungarri eta abiapuntu izatea da.

Jardunbide egokien gida hau kontsultatu nahi dutenek foru webgunean egin dezakete.