BILBO. Desgaitasun intelektuala duten pertsonen lan-inguruneak zahartze-prozesura egokitzeko prozesuan lanean darrai Bizkaiko Foru Aldundiak. Horren helburua jarduera okupazional bat garatzea da, pertsona horiek aktibo mantendu ahal izateko.

Aurten Bizkaiko Foru Aldundiak 69 plaza gehiago eskainiko ditu eta lurralde osoan 129 plaza izango dira ekitaldi honetan. Laguntzak pertsonei egokitzea da helburua; kasu honetan laguntzen intentsitatea handiagoa da desgaitasun intelektuala duten eta narriadura- edo zahartze-sintoma goiztiarrak dituzten pertsonek zentro horietan jarduten jarrai dezaten. Aurten Rafaela María, Usoa, Ranzari, Gallarreta eta Gaude erakundeek kudeatzen dituzten zentroak gaituko dira, gehi dagoeneko dauden Lantegi Batuakekoak.

Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako diputatuak, nabarmendu duenez, urte honetan zehar plaza horiek lurraldeko okupazio-zentroetan pixkanaka ezarrita "Bizkaiak laguntzak desgaitasun intelektuala duten pertsonen profilera egokitzen jarraitzen du, baita euren lan-ingurunean ere. Inguruneak egokitzen ditugu eta laguntzak ematen ditugu bizi-proiektuak garatzen jarraitu ahal izateko. Eta proiekzio demografikoei aurrea hartuz egiten dugu hori, erantzun berritzaileak eskatzen baitituzte laguntza eta zerbitzuen eskaintzan".

Sergio Murillok Rafaela María zentro okupazionalean egin du iragarpen hau; zentro horretan ekainaren 1ean 10 plaza jarriko dituzte martxan, narriadura- edo zahartze-sintoma goiztiarrak dituzten beste horrenbeste erabiltzailerentzako laguntzarekin. Hain zuzen ere, zentro horrek instalazio berriak estreinatu berri ditu Bilboko San Inazio auzoan, lehen zegoen Bilboko Zorrotza auzotik lekualdatu ondoren. Zentroak zerbitzu okupazionala eskaintzen du eta enplegu-zentro berezi gisa ere funtzionatzen du. Desgaitasuna duten 60 pertsona joaten dira egunero bertara, eta 15 profesionalen laguntza jasotzen dute.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN ZAHARTZE AKTIBOA EUREN LAN-INGURUNEAN

Foru Aldundia 2018an hasi zen esku hartzeko eredu hau ezartzen, Lantegi Batuak erakundearen zentroetan aldez aurretik Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin ebaluatu ziren saio pilotuak egin ondoren. Eredu honetan, sintomak detektatu eta baloratu ondoren, helburua narriadura arintzea, gaitasunak hobetzea eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen zahartze aktiboa sustatzea da, tresna eta metodologia berritzaile eta transferigarriekin, betiere pertsonalizazio eta indibidualizazio handiagoarekin. Horrela, nahi izanez gero, pertsona horiek euren okupazio-zentroan produkzio-jarduera garatzen jarraitu ahal izango dute, euren errutinei, lotura emozionalei eta sozialei eusteaz gain.

Laguntzen egokitzapen hori adimen-desgaitasuna duten biztanleen proiekzio demografikoen arabera egin da. Oro har, adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-itxaropenak nabarmen egin du gora azken urteotan. Arreta berezia merezi du 45 urtetik gorako adin-tarteak, adin horretatik aurrera hasten baitira zahartze-sintomak hautematen. Hala, Bizkaian adimen-urritasuna duten pertsonen % 54k 45 urte baino gehiago ditu, eta ehuneko horrek 7 puntu egin du gora duela 5 urteko datuekin alderatuta. % 56 gizonak dira eta % 44 emakumeak.

DESGAITASUNEN BAT DUTEN PERTSONAK LURRALDEAN GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO KONPROMISOA

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak uste du desgaitasunen bat duen inor ez dela etxean geratu behar hezkuntza-aldia igaro ondoren. Horregatik okupazio-zentroetako plazen kostuak ordaintzeko konpromisoari eusten dio; munta hori 10,09 milioi eurokoa da 2021ean. Abiaburu horren ondorioz Foru Erakundeak guztira 1.408 plaza mantentzen ditu Bizkaian okupazio-zentroetan (1.302) eta enplegu-zentro berezietan (106). Eskaintza horrek desgaitasunen bat duten pertsonek lurraldean dituzten beharrizanak bermatzen ditu.

Lanbide-jarduera gizarteratzeko tresna bat da eta lana, ekoizpen-jarduera baten bidez, desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko bide bihurtzen da, ingurune normalizatu eta normalizatzaile batean. Azken batean, tailer hauek desgaitasunen bat duten pertsonei enplegu arruntera igarotzeko aukera gehiago eskaintzen dizkiete, eta aukera ematen diete hazkunde pertsonal eta/edo profesionalerako ibilbide bati ateak irekitzeko, "Euskal ereduan" okupazio-plazak eta enplegu babestuko plazak (enplegu-zentro bereziak) barne hartzen dituzten tailerren konfigurazio bereziagatik.