BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko sailak 996.000 eurko aurrekontua bideratuko du ekitaldi honetan eskualdeko garapen-agentziei baliabide ekonomikoak emateko.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa da erakunde onuradun bakoitzeko -200.000 eurora irits daitezke euren jarduketako lurralde-eremuko enpresentzat erreferentzia bakarra diren erakundeen kasuan-, eta eskaera egiteko epea maiatzaren 28an amaituko da.

Horrela, Kanpo Sustapenerako eta Turismorako Zuzendaritzak aurrera egiten du Bizkaiko lurralde-orekan sakontzeko konpromisoan, Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren bidez eta tokiko garapen-agentziekin, mankomunitateekin, udalekin eta lurraldeko erakundeekin sarean lan eginez. Bizkaia Orekan Bizkaiko eskualdeek lehiakortasunaren esparruan dituzten ahuleziak eta aukerak diagnostikatzeko eta ezagutzeko foro gisa sortu zen, eta azken 4 urteetan eboluzionatu egin du lurraldeko eremu eta eskualdeetan lehiakortasunarekin zerikusia duten eragileen arteko lankidetza-eredu berritzaile bihurtzeraino.

Horrela, Bizkaiko hainbat zonaldetan ekimenak martxan jartzen hasi dira. Horixe da "Digital Indartuz", enpresak digitalizatzeko 7 erakunderen arteko lankidetza-formatuan garatutako ibilbidea. Zazpi erakunde horiek Jata-ondo Landa Garapenerako Elkartea, Mungialdeko Behargintza, Erandioko Behargintza, Leioako Behargintza, Uribe Kostako Behargintza, Getxolan eta Egaz Txorierri dira. Beste alde batetik, Amorebieta-Etxanoko Udala, Durangaldeko Amankomunazgoa eta Azaro Fundazioa "Smart Mobility" izeneko proiektu batean ari dira lanean, trakzio-enpresak eta ACICAE automobilgintzako klusterra tartean direla, eskualde horretako automobilgintzaren sektoreko ETEekin eta mikroETEekin mugikortasun elektrikoak duen eragina landu ahal izateko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren, BEAZen, erakundeen eta tokiko eta eskualdeko eragile publiko zein pribatuen arteko lankidetzak, lurralde- eta enpresa-lehiakortasunaren mesedetan, Busturialdeko eskualdean ere izan du fruiturik; bertan Bermeoko eta Mundakako agentziek, Sukarrietako Behargintzak eta Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak erakundeek eskualdeko lehiakortasun-mahaia sortu dute, eskualdeko erronkak partekatzeko eta hausnarketa estrategiko bati ekiteko. Lan honen xedea ibilbide-orria definitzea da jarduera ekonomikoa sustatzeko eta eskualdean kalitatezko enplegua sortzeko, eskualdeko enpresak lehiakortasunaren bidean mantentzeko, startup-ak erakartzeko eta enpresen berrikuntza-dinamikak bizkortzen saiatzeko.

Berrikuntzan, nazioartekotzean edo balio-kateen indartzean eragiten duten 47 ekimen ere babestu zituen eskualdeko lehiakortasun-programak 2020an eta usteen eta aurreikuspenen arabera deialdi berri honek bultzada berria emango die tokiko eta eskualdeko garapen-agentziei, enpresa txikientzako erreferente gisa, lehiakortasunaren bidean laguntzeko.