BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 428.000 euroko aurrekontua bideratuko du Eskulturen plazan dagoen haur parkean estalki bat jartzeko. Estalkiak 460 metro koadro baino gehiago izango ditu, eta aste honetan bertan hasiko dira hura eraikitzeko lanak.

Hori da Amaia del Campo alkatearen taldeak familia barakaldarrei aire zabalean, euritik babestuta, jolastu ahal izateko eremuak eskaintzeko asmoz sustatutako zazpigarren parke estalia. "Familiek sarri eskatzen duten instalazio mota da hori, eta orain, areago, pandemian seguruago baita aire zabalera irtetea", adierazi du gaur goizean alkateak, parkean zegoela.

Oraingoan, zabu-eremuaren 468 metro koadroak estaliko dira, bai eta ipar-ekialdeko plazaren eremua ere, umeak aire zabalean jolas egin dezaten. "Kolore argiko estalki arin bat aukeratu da, polikarbonatozkoa, inguruko etxebizitzen eta parkea erabiliko dutenen ikus-inpaktua apaltzeko", azaldu du Del Campok.

Argiztapen propioa izango du plazaren estalkiak, eremua seguruagoa izan dadin. Lanak amaitutakoan, zuhaitzak landatuko dira lorategian.

BARAKALDOKO ZAZPIGARREN PARKE ESTALIA

Hori izango da azken sei urteotan hirian jarriko den zazpigarren haur-parke estalia. "Alkatetzara heldu ginenetik 2015ean, eremu estaliak sortu ditugu Anaien parkean, San Bizentekoan, Balejokoan, Lutxanakoan eta Desertu Urbanekoan; orain, berriz, Gernikako Arbolakoan: hiri proiektuak familia barakaldarren eskeei erantzutea du helburu, eta hiru milioi euro inbertitu ditugu azken sei urteotan, barakaldarren bizitza kalitatea hobetzen jarraitzeko, eta lehenen eta bigarren mailako auzorik ez izateko konpromisoan aurrera egiteko", zehaztu du alkateak.