BILBO. Ondare higiezina eta etnografikoa birgaitzeko dirulaguntzak onartu egin ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Neurri honi esker, kultura-ondarea birgaitzeko esku-hartzeak egin a hal izango dira aurten, Bizkaiko ondare etnografikoa zaintzeaz gain.

Foru Erakundeak 300.000 euro bideratzen ditu hobekuntza-, sendotze-, birgaitze- eta zaharberritze-ekintzak behar dituzten Bizkaiko ondasun higiezinak birgaitzeko eraikuntzako esku-hartzeetarako dirulaguntzen lerrora, baldin eta higiezin horiek balio kultural nabarmena edo aipagarria badute.

Onetsitako foru dekretuak jasotzen duen bezala, diruz lagundu ahal izango dira kontserbatzeko eta/edo zaharberritzeko esku-hartzeak gauzatzeko eta katalogatutako ondasun higiezinak dokumentatzeko beharrezkoak diren proiektuak. Halaber, dirulaguntza jaso ahal izango dute Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren esku-hartze irizpideetan oinarrituta egindako eraikinak birgaitzeko obrek. Era berean, diruz lagundu ahal izango dira zaharberritu beharreko ondasunaren mugaketan sartutako espazioak urbanizatzeko obrak.

Beharrezkoa izango da Bizkaian kokatuta dauden eraikin horiek Euskal Kultura Ondarearen Legearen arabera monumentu izendatuta, kalifikatuta edo inbentariatura egotea, udal-plangintzak katalogatuta egotea edo Bizkaiko Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak egindako katalogazio-proposamenen batean edo inbentarioren batean sartuta egotea

Dirulaguntza hori eskatzen duten pertsona guztiek dirulaguntza emateko esku-hartzea 2021. urtean gauzatzea aurreikusi behar dute.

Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu beharko dira (Maria Diaz de Haro kalea, 11, Bilbo) edo Foru Erakundearen egoitza elektronikoaren bidez, esteka honetan.

Kultur Ondarea birgaitzeko esku-hartzeak egiteko dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea apirilaren 22tik 2021eko maiatzaren 24ra arte egongo da zabalik.

Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak kultura-ondare etnografikoa kontserbatu, ikertu eta zabaltzeko jarduerak sustatuko ditu, 30.000 euroko aurrekontuarekin. Laguntza horrek, oinordetzan jaso dugun kultura-aberastasuna eta horren transmisio-loturak zaintzeaz gain, Bizkaiaren kultura-ekoizpena aberasten eta Lurraldeko kultura-ehuna indartzen laguntzen du. Dirulaguntzen lerro hori irabazi-asmorik gabeko Bizkaiko erakunde pribatuei zuzenduta dago, baldin eta horien xedea Bizkaiko kultura-tradizioekin eta ondare etnografikoarekin lotuta badago.

Bizkaiaren kasuan historikoki erabilitako leku, higiezin eta instalazioek osatzen dute Kultura-Ondare Etnografikoa, eta elementu horien arkitektura- edo paisaia-ezaugarriak forma tradizionalen adierazgarri izaten dira; ondare-mota horren barruan kokatu behar dira, halaber, Bizkaiko kultur tradizioen edo jarduera sozioekonomiko tradizionalen adierazpen historikoa osatzen duten ondasun higigarriak eta iraganetik jaso ditugun jarduera eta ezagutzak, denak ere Bizkaiko herriaren berezko kultura eta bizimodu tradizionalaren adierazpide eta forma garrantzitsuak; azkenik, Kultura-Ondare Etnografikoaren barruan sartu behar da ondare immateriala, hau da, gure arbasoengandik ezagutu eta jaso ditugun kultura-adierazpen bizi ukiezinak.

Etnografiarako dirulaguntzen kasuan eskabideak aurkezteko epea 2021eko apirilaren 22tik 2021eko maiatzaren 10era arte egongo da zabalik, bi egunak barne. Eskabideak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira helbide honetan.