BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak kultur sektorearen mapaketa egingo du politika eraginkorrenak garatu ahal izateko. Astearte honetan, martxoak 30, Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, eta Begoña de Ibarra, Kulturako zuzendari nagusia, Euskalduna Jauregian bildu dira sektoreko ordezkaritza esanguratsu batekin. Bilera horretan sektoreak bizi duen egoera larriari aurre egiteko politika egokiak eta eraginkorragoak ezartzeko dituen beharrak aztertu dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak datozen hilabeteetan Bizkaiko kultura- eta sormen-ekosistema mapeatzea erabaki du, gaur egun lurraldeko kultura-sistema denaren ahalik eta argazki zehatzena izateko. Horren guztiaren helburua da politika publiko egokienak bultzatzea, sektorearen garapenean eta sustapenean modu eraginkorrean laguntzeko.

Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, sektoreak bizi duen egoera larriaz jabetuta, azaldu du zergatik egiten den orain sektorearen mapaketa: 'Sektorea bultzatzeko eta indartzeko politika egokienak definitzen jarraitu nahi dugulako, inor (azpisektorerik) atzean utzi gabe, protagonistek emandako ezagutza erreal eta beti eguneratutik lan eginez. Era berean, eragile guztiak ahalduntzea bilatzen dugu auto-gogoeta egiteko eta aukerak bilatzeko prozesuan'. Bilbaok erabakigarritzat jotzen du lan horretan parte-hartze aktiboa, gogoetatsua eta masiboa izatea, mapaketa arrakastaz egiteko, "Zeregin partekatua izan behar da era eragingarrian benetako argazkia lortzeko. Badakigu hasiera batean konplikatua izan daitekeela, baina beharrezkotzat jotzen dugu eta inplikatutako pertsona eta erakunde guztientzat eraginkorra izatea espero dugu". Horregatik, lehen lan-saio honetan, Aldundiak parte-hartzaileekin partekatu ditu orain hasiko den prozesuaren gakoak. Prozesu hori Kultursistema metodologiaren bidez garatuko da.

Bilera hori datozen hilabeteetan egingo diren azterketa-jardunaldietako lehena da.

Mapaketa egiteko prozesuak hainbat fase ditu: abiarazteko bilerak, datu-baseen berrikuspena eta lanen plangintza; hausnarketa-tailerren eta parte-hartzaileen automapeatze analogiko eta digitalaren deialdia eta garapena; lurraldeko agenteen automapeatze-aldia, estimulazioko eta laguntzako idazkaritza teknikoarekin; automapeoetatik abiatuta, datu agregatuak esportatzea, aztertzea eta interpretatzea eta kultura- eta sormen-politiketarako gomendioen txosten bat egitea.