BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 1,5 milioi euroko 6 jarduketa lizitatu ditu Pagasarri ingurua lehengoratzeko, Peñaskalen Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidearen (MHS) bigarren fasean egiten ari diren lanen barruan.

Arnotegiko tuneleko lanek erritmo onean jarraitzen dute eta, aurreikuspenen arabera, hil honen amaieran bigarren hodiaren indusketaren amaiera gertatuko da, hau da, hiru eraikuntza-lotetan banatuta dagoen obra konplexu honetako laugarren eta azken zulaketaren amaiera.

Peñaskal-Bolintxu tartean lanak ez dira tunelaren barrualdera mugatzen, eta dagoeneko ikus daitezke azken hilabeteotan Peñaskaleko harrobia lehengoratzeko egin diren aurrerapenak; tarte honetako lizitazio-pleguetan aurreikusitako betebeharretako bat da. Beste neurri batzuk ekozubia eta araztegia eraikitzea eta Bolintxu babesteko neurri bereziak dira.

Gainera, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 1.453.876 euroko munta duen konpentsazio-neurrien proiektua lizitatu du. Proiektu horren barruan Peñaskal eta Pagasarri inguruetan haurrentzako hiru jolas-eremu, garbiketa-jarduketak eta basoak hobetzeko jarduerak daude. Esleipen datozen asteetan egingo da, eta exekuzio-epea 10 hilabete ingurukoa izango da.

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, lanak bisitatu ditu gaur goizean eta obra publikoak Europako Itun Berdearen balioekin bat egiten duela azpimarratu du. "Jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren balio horiek Bizkaiko bide-azpiegituren berrikuntza planaren ardatza eta xedea dira. Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren faseko tarte hau adibide ona da ikusteko ahalegin horiek nola islatzen diren neurri berritzaileak txertatzeko eta ingurumenean duten eragina minimizatzeko. Harrobi zahar honetan, are gehiago, lehengoratzen ari garelako. Mendiari berea dena itzuliko diogu. Eta materialak berrerabiliz, isurketarik sortu gabe eta ekonomia zirkularra sustatuz egiten ari gara", zehaztu du.

Imanol Pradalesek iragarri duenez, jolaserako hiru eremu eraiki nahi dira, haurrentzako jolasekin eta kirol anitzeko esparruekin, landaretza aloktonoa (espezie inbaditzaileak) kentzeko bi jarduketa burutuko dira, eta basoak hobetzeko jarduerak egin eta eremu horretan bertan behera utzitako euskarri elektrikoak kenduko dira.

HARROBIA LEHENGORATZEA

Peñaskaleko harrobia industria-jarduerak degradatutako eremua zen, lurzorurik gabea, ia landaretzarik eta intereseko landare-multzorik gabea. MHSren 1. faseko azpiegitura gauzatzean (2008-2010), harrobian 2 milioi metro kubiko material soberakin inguru utzi ziren. Material horietako gehienak Arraiz eta Larraskituko tuneletako indusketetatik zetozen. 1B fasean 527.000 m3 gehiago uztea aurreikusi da, eta guztiz bete ondoren, itxi egingo da, soberakinen biltegi gisa, eta ingurumena lehengoratuko da.

Ingurua eta aldea lehengoratzeko hondatutako lurzoruak landareztatzeko eta leheneratzeko plan bat egiten ari da, landare-substratua ekarriz eta prestatuz eta ereiteak eta landaketak eginez. Azken helburua konektibitate ekologikoa eta lurraldearen iragazkortasuna lortzea da populazioak elkarren artean konektatzeko. Gainera, oihaneztatzea Quercus robur espezieko basoa eratzean datza, haritzarekin batera hazten diren zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak erabiliz. Landareek jatorri autoktonoa dute eta inguru horretan jasotako hazien bidez sortzen dira, eremu horren paisaia-integrazioa hobetzeko.

Guztira 16.900 m3 landare-lur gehiago zabaltzea aurreikusi da, 58.500 m2 inguruko azalera hidroereingo da eta 30.000 zuhaitz eta zuhaixka ale baino gehiago landatuko dira.

Orain arte, MHSren 1B fase honetan 371.000 m3 biltegiratu dira harrobian (%70etik gora) eta 15.000 ale baino gehiago landatu dira, guztiak tutuz eta hodi babesgarriz babestuta, faunak kalte ez diezaien.

Azkenik, kontsumoak murrizteko eta ekonomia zirkularra sustatzeko ingurumen-politikaren barruan, Arnotegiko tuneleko indusketa-soberakinen zati bat Ezkerraldeko Parke Teknologikorako sarbideen obrak egiteko erabili da, eta Peñaskaleko harrobian zabaldutako landare-lur gehiena obra horretatik eta Parke Teknologikoaren beraren urbanizazioa gauzatzeko obratik dator.

Uda honetan bertan soberakinen betelana, perimetroko drainatzea eta landare-lurraren hedapena osatzea espero da. Hurrengo udazkenean eta neguan egingo dira hidroereintzak eta azken landaketak. 2021. urtearen amaieran lehengoratutako harrobia Udalari, lurren jabeari, eman nahi zaio.

MHS ERAIKITZEKO LANAK

Hegoaldeko Saihesbideko 1b fasearen eraikuntza hiru zatitan banatuta dago eta guztira 178,9 milioi euroko inbertsioa eskatzen du (BEZa barne):

  • Peñaskal-Bolintxu, 9A zatia. 2019ko urtarrilaren 21ean hasi ziren Peñaskal eta Bolintxu arteko 9A zatiko lanak. Tarte hau Peñaskaleko lotunean hasten da, Larraskituko tuneletatik A-8rako norabidean Hegoaldeko Saihesbidearen errepidetik irteten diren ibilgailuei kanona kobratzeko eremuaren azpiko tunel faltsuaren barruan. Zati ia osoa Arnotegiko tunelen barruan dago.
  • Hurrengo obra-tartea 9B da, Bolintxu eta Vental Alta artean, eta bi azpiataletan banatzen da:

Bolintxu-Venta Altako lotunea.

Seberetxeko tunela.

Lanak Arnotegiko tunelean hasi ziren 2019ko urtarrilean. Joan den abenduan amaitu zen lehenengo hodiaren zulaketa eta bigarrenaren zulaketaren amaiera martxoaren amaierarako aurreikusi dute. 2020ko urrian Seberetxeko tunelaren bi ahoen zulaketak amaitu egin ziren.

Lanek epeak eta aurreikuspenak betetzen dituzte. MHSren bigarren fasea 2023an martxan egotea espero da. Eta orduan itsasadarraren azpiko tunelaren lanak hasi ahal izango dira. Bi jarduera horiek Bizkaia metropolitarreko auto-ilarei aurre egiteko plan integral gisa diseinatu dira.