BILBO. La Encartada Fabrika-Museoak altxor oso berezi bat erakutsiko du astelehen honetatik, martxoak 22, maiatzaren 18ra arte: fabrikako langile ohi batek, Loli Bringas Urraburuk, Athletic Clubek -orduan Atletico Bilbao zenak- Real Madrilen aurka 1958an jokatu zuen kopako finalerako, "hamaika baserritarrena" deritzona, egin zuen jatorrizko txapela.

Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, gaur goizean aurkeztu du La Encartada Fabrika-Museoan txapela erakusten duen erakusketa. Diputatuak adierazi duenez, "Lolik gure ondarearen iraganera hurbiltzen lagundu deusku bere eskuekin egin eban bi koloreko txapelaren bitartez. Hau da, Athleticen 1958. urteko garaipena zuzenean ikusi eban txapela hemen ikusgai jarriz, txapela zuri-gorri bat baino askoz be gehiago eskeiniko deusku La Enkartada Fabrika-Museoak". Aurkezpenean Loli Bringas Urraburu, txapela egin zuen La Encartadako langile ohia eta, Athleticen izenean, Mikel Martínez presidenteordea, Goyo Arbizu zuzendaritzako kidea, Andoni Goikoetxea jokalari ohia eta Manolo Delgado prestatzaile fisiko ohia izan dira.

Piezaren eta bere erakusketaren izaera berezia dela eta Athletic Fundazioak 1958ko finalean lortu zuen kopa originala utzi du inauguraziorako.

TXAPELA

1958an, Athletic Club taldea Kopako finalerako sailkatu zen egunetan, Loli Bringas Urraburuk bi txapel oso berezi egin zituen bere mutil-laguna zen Goyo Tuerosentzat eta bere koinatua zen Antonino Hospitalentzat, finalera joateko ustea zutelako. La Encartadak Goyok soinean eraman zuen txapela erakusten du gaurtik aurrera, hain zuzen ere Lolik 2006an La Encartada Fabrika-Museoan gordailutzan utzi zuena.

Pieza egiteko Lolik bi txapel ebaki zituen erditik: bata gordin kolorekoa eta bestea gorri bizikoa. Kontu handiz bi erdi horiek La Encartadako akabera-tailerrean lotu zituen, bi koloretako txortena barne. Erremate gisa, eta armarria txapelean josteko, Lolik Gerra Zibila baino lehenagoko etiketa zahar bat hartu eta kontu handiz josi zuen aurreko aldean.

Ezkutu honek Athletic Club (AC) taldearen izen historikoa erreproduzitzen du beheko kuartelaren gainean, kirol izenetan atzerriko hitzak erabiltzeko debekua indarrean zegoenean eta 1941etik Bilboko taldea ofizialki Atlético de Bilbao zenean; izen hori ez zuen 1972ra arte berreskuratu.

PARTIDA

1958ko Generalísimoaren Futbol Kopa Espainiako Txapelketaren 54. edizioa izan zen. Bilboko Athleticek eta Real Madrilen arteko partida irabaziz Athletic Clubek bere hogeigarren titulua lortu zuen, madrildarrei bi eta zero irabazi ondoren.

Partidak 'baserritarren finala' ezizena jaso zuen. Finala Santiago Bernabeu estadioan jokatu zuen talde titularra honako hauek osatu zuten: Carmelo Cedrún, José María Orúe, Jesús Garay, Nicanor Sagarduy "Canito", Mauricio Ugartemendia "Mauri", Manuel Etura, José Luis Artetxe, Koldo Aguirre, Eneko Arieta (partidako lehen golaren egilea 20. minutuan), Ignacio Uribe eta Agustín "Piru" Gaínza, eta entrenatzailea Baltasar Albéniz izan zen.