BILBO. Amaia Antxustegik eta Elixabete Etxanobek Elena Unzueta eta Ibono Bengoetxearen postuak hartuko dituzte Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu gisa, hurrenez hurren. Horrela azaldu du gaur goizean Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak foru gobernuaren birmoldaketaren berri emateko antolatutako prentsaurrekoan. Rementeriak aldaketa hori "aurreikuspen-ariketa" batengatik egiten dela adierazi du, pandemia gainditu eta gero Bizkaiak behar duen lehengoratzeari "freskotasunez eta indarrez" aurre egiteko helburuarekin.

Amaia Antxustegi eta Elixabete Etxanobe izango dira Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu berriak, hurrenez hurren Elena Unzueta eta Ibone Bengoetxearen ordez.

Rementeriak eskerrak eman dizkie azken sei urteetan "Aldundi honen, Bizkaiaren eta Ahaldun Nagusi honen alde" egindako lanagatik eta, aldi berean, azpimarratu du erabakia ez dela arazoak egon direlako hartu, asmo bat lortzeko baizik. "Bizkaiak bultzada berria beharko du laster. Oso argi daukat hori. Txertaketak eragina izaten duenean eta pandemia gainditzen dugunean, Bizkaia berrindartzeko ordua izango da. Bultzada berri horrek Aldundi indartsua, proiektu gehiago eta erronka gehiago eskatzen ditu. Eta proiektu eta erronka berri horiek gobernu indartsu eta freskoa eskatzen dute, erronka horiekin aurrera egiteko ekimena duena. Orain, gobernu moduan, ondo gaude. Indarra, ilusioa eta proiektuak ditugu, baina bultzada hori ematea tokatzen denean topera egongo garela bermatu behar dugu. Freskotasun eta indar hori bermatu behar ditugu garai berri horretarako, eta hori, nire ustez, aldaketekin baino ez da lortzen", laburbildu du bere exekutiboaren birmoldaketaren arrazoiak azaltzerakoan.

Ahaldun Nagusiak, halaber, bi diputatu berriei buruz hitz egin du: "Esperientzia dute, behetik hasi dira, Bizkaia ilusioz ulertzen dute eta Bizkaiarentzat lan egiteko prest daude", eta hemendik aurrera lan egingo duten bi arloei buruz hitz egin du. "Niretzat funtsezkoak diren bi eremuz arduratuko dira: udalekiko, udalerriekiko, lurralde berdintasunarekiko, ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko harremanaz", adierazi du. Udalekiko harremanari dagokionez Aldundiak horiekin dagoeneko badituen harremanak "sendotzeko eta elkarrekin taldean lan egiteko" borondatea duela adierazi du. Eta jasangarritasunari dagokionez, esan du beharrezkoa dela ingurumenaren aldagaia konstante bat izatea eta Foru Aldundiaren ekintza politiko guztiaren zeharkako zerbait izatea.

Azkenik, Foru Gobernuaren bozeramaile berria Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua izango dela iragarri du Rementeriak.