BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak hiru erreitik lau erreira zabaltzea proiektatu du BI-30 errepideko, N-637 zaharra, Gurutzetako lotunean, Arrontegiko noranzkoan. Horren helburua Gurutzetako aldagailuan trafiko pilaketa murriztea da, Santanderretik, Ezkerraldetik eta Bilbotik datozen 250.000 ibilgailuk bat egiten baitute bertan egunean-egunean. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak proiektuaren ezaugarriak azaldu ditu.

"Bide-sarea sare elektrikoarekin alderatzeko metaforarekin jarraituz, esan dezagun Arrontegi inguruan fusible garrantzitsu batzuk aurkitzen ditugula, sistema osoa saltarazten dutenak. Bat Kukularra da. Eta puntu are delikatuagoa eta kolapso arriskupean dagoena Gurutzetako lotunea da. Sare osoan ibilgailu gehien hartzen dituen gunea da, eta laugarren errei bat proiektatuko dugu trafikoa arintzeko eta egungo txirikordatuaren segurtasuna hobetzeko", azaldu du.

Lizitazio aurrekontua 6.946.254 eurokoa da (BEZ barne), lanak egiteko epea 18 hilabetekoa da eta lanak udazkenean hasiko dira, Kukularrako bigarren faseko lanak amaitzen direnean.

Imanol Pradalesek azpimarratu duenez, Kukularrako eta Arrontegiko jarduketek denbora irabaziko dute metropoli-eremuko buxadurei aurre egiteko konponbide integrala martxan jarri arte, itsasadarraren azpiko tunelarekin: "Egia da trafikoak jaitsi egin direla Covidaren ondorioz, eta ez gara saturazio gailurrera iritsi, baina 2019rako genuen joerarekin, Gurutzetako eta Kukularrako inguru horretan jarduten ez bagenuen, benetako saturazioko eta etengabeko kongestioetako mehatxu bati aurre egin behar genion".

PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektuak aurreikusten du errepide-korapiloa hobetzea Gurutzetako aldagailuan (A-8 autobidearen (Santander-Erletxe) eta Bilbao-Erletxe errepidearen arteko elkargunean, Barakaldotiko enborraren sarreraraino). Jarduketa BI-30 errepidearen Txorierriko noranzkoan egingo da (N-637 zaharra), Barakaldoko udal-mugartean. Guztira 1.200 m inguruko galtzadan jardutea aurreikusten da.

Horretarako, BI-30 errepideko (N-637 zaharra) errei bat zabalduko da Getxoko noranzkoan, Serralta zumarkaleko azpiko pasabidearen eta Barakaldo-Lutxanatik enborrera sartzearen artean.

Onartutako eraikuntza-proiektuak plataforma handitzeko jarduketak zehazten ditu, A-8 autobideko Max Centeretik eta Bilbotik datozen trafikoen konbergentzia lekualdatzeko eta luzera handiagoarekin hornitzeko, eta, aldi berean, Gurutzetatik datozen eta Barakaldo-Lutxanarako irteera duten ibilgailuekin txirikordatzetik bereizten da, eta segurtasun handiagoa ematen die mugimendu horiei.

Artzain Onaren bidezubia handitu behar da laugarren errei gehigarri hori ezartzeko, eta, horrez gain, errepidearen eskuineko ertzean dagoen oinezkoentzako pasealekuaren birmoldaketa partziala egin behar da.

Halaber, Barakaldo-Lutxanatik sartzeko adarraren igoera-eremuaren eskuineko ertzean hegal egitura txiki bat egitea aurreikusten da, euste-sistema egoki bat ezartzeko, bai eta etorkizuneko pantaila akustiko baten zimenduak jartzea ere. Gainera, obren eraginpeko eremu osoko errodadura-geruza birjartzea, defentsak, seinaleak eta kartelak birjartzea, argiteria berritzea (LED motako argi berriak instalatuta), kaltetutako eremuan telematika- eta drainatze-sistemak berrezartzea eta eraginpeko zerbitzuak berrezartzea ere sartzen dira.