BILBO. Artista eta kultur erakundeek agertoki digital berri bat izango dute. Bizkaiko Foru Aldundiak, Fair Saturday fundazioarekin batera, Bizkaia FSNext izeneko plataforma berria jarri du martxan. Tresna honi esker, kultura-erakundeentzat errezagoa izango da beren lana online proiektatzea, diru-sarrerak sortzea eta audientzia digitalak garatzea, batik bat.

Lorea Bilbao Ibarrak Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Bizkaia FSNext aurkeztu du, Fair Saturday Fundazioko Jordi Albareda eta Gonzalo Santocildesekin, Laboral Kutxako Komunikazio zuzendari Marije Etxanizekin, Leioako Kantika Koraleko zuzendari Basilio Astulezekin eta on-lineko aurkezpenean parte hartu duten beste kultur eragile batzuekin batera.

Lorea Bilbaok azaldu duenez, 'Bizkaia FSNext proiektuak arte eszenikoen sektorearen esku jartzen du bere edukiei ikusgarritasuna emateko tresna bat. Plataforma hori artista eta erakunde kulturalei beren agertoki digitala izaten, beren lana proiektatzen eta dirua ematen laguntzeko sortu da. Bizkaia FSNext Bizkaiko antzerki digitala izateko asmoarekin sortu da. Gainera, kultur ondarea sortzeko modu bat da, Bizkaiko aberastasun artistikoa agertoki berean batzen duen plataformari esker. ´ Diputatuak adierazi duenez ` Ez dator presentziala ordezkatzeko. Haren osagarri eta pizgarri izan gura du, inoiz ezerk ez dio kenduko aurrez-aurrekoari duen indarra, sorrarazten duen zirrara. Sendo gura dogu presentziala eta haren ondoan eta ha indartzeko sendo eta egoki nahi dugu digitala ere.´

KULTURA-ERAKUNDEEI LAGUNTZEKO PLATAFORMA BERRITZAILEA

Bizkaia FSNext plataformak aukera ematen die artistei eta kultura-erakundeei diru-sarrerak sortzeko on-lineko edukien salmentari esker, hala nola emanaldiak, tailerrak, ikastaroak eta abar. Diru-sarrera garbien % 90 kultura-erakundeentzat dira, eta gainerako % 10a plataforma mantentzeko. Zentzu horretan, Bizkaia FSNext-ek nazioartean, artistei eta erakundeei diru-sarreren ehuneko handiena eskaintzen dien plataformetako bat izan nahi du.

AUDIENTZIAK PREZIOA FINKATZEN DU

Bizkaia FSNext-en audientziak finkatzen du edukien prezioa, kultura-erakundeek berek ezarritako gutxieneko oinarri baten gainean. Kulturaren sektoreari gizarte-laguntza emateko eta haren lana baloratzeko bide bat zabaldu nahi da.

AUDIENTZIA BERRIEN GARAPENA

Artistei aurrez aurre jarraituko dieten audientziez gain, Bizkaia FSNext-ek aukera ematen die orain arte iristen ez diren entzule berriekin konektatzeko, bai distantzia fisikoagatik, bai lekualdatzeko ezintasunagatik.

INPAKTU SOZIALA

Artistei eta sortzaileei laguntzeak dakarren eragin ekonomiko eta kulturalaz gain, Bizkaia FSNext-ek bere aukerako proiektu sozialei laguntzeko aukera eskainiko die kultura-erakundeei, sortutako diru-sarreren zati baten bidez.

BIZKAIA FSNEXT PLATAFORMAREN MISIOA

Funtsezkoa da konpromisoa sustatzea eta sektore kultural amateur zein profesionalaren aldeko gizarte-babesa motibatzea. Bizkaia FSNext-ek artistentzat eta kultura-erakundeentzat erabilgarria izan nahi du, betiere haien lana digitalki proiektatuz, gizarteak baloratzeko aukera emanez eta garatzen jarraitzeko diru-sarrerak sortuz. Bizkaia FSNext-en kontzertu bat estreinatu duen lehen kultur erakundea Kantika abesbatza izan da, eta, gainera, 360º-tan grabatu da. Basilio Astulez zuzendariaren hitzetan, "Leioa Kantika Koralarentzat abentura eta haize freskoa izan da plataforma hori gure lana zabaltzeko baliabide gisa erabili izana, are gehiago osasun-egoerak baldintzatutako une berezi honetan. Bizkaia FSNext-ek kontzertua ulertzeko modu tradizionala zabaltzen eta aldatzen lagundu digu".

PLATAFORMAREN LEHEN EDUKIAK

Bizkaia FSNext abian jartzean, plataformak 30 bat eduki bilduko ditu, hainbat diziplinatakoak: dantza, antzerkia, kontzertuak... Besteak beste, Bilboko Koral Elkartea, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Kantika Korala, Miren de Miguel, Danco Estudio, Biarte eta Idoia abeslaria aitzindariak izan dira abian jartzerakoan, eta laster edukiak prestatzen ari diren artistak batuko zaizkio: Haxotz, James Room, Zirzira Ahots Taldea eta Soinuaren Bidaia, besteak beste.

Datorren larunbatean, martxoaren 20an, digitalki estreinatuko da "Gora Bihotzak", abenduan Euskalduna Jauregian egindako kontzertua; besteak beste, Eñaut Elorrieta, Izaro, Zea Mays eta Zetak izan ziren bertan, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eta Bilboko Koral Elkartearen laguntzaz, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean.

Fair Saturday fundazioaren ustez, ezinbestekoa da "artistek eta kultura-erakundeek bidezko diru-sarrerak jasotzea Interneten bidez, eta horrek haien hazkundea sustatuko du, kultura-jarduera handiagoa eta hobea -presentziala zein digitala-, azken batean, gizarte humanizatuago bat sortzen lagunduz".

Laboral Kutxako Komunikazio zuzendari Marije Etxanizek adierazi duenez, "LABORAL Kutxa oso harro dago FSNext proiektuaren parte izateaz, kulturaz gozatzen duten eta sortzen duten pertsona guztientzat beste baliabide interesgarri eta garrantzitsu bat izango delakoan".

Laburbilduz, Bizkaiko Foru Aldundiak, Fair Saturday fundazioaren eskutik, kultur sektorearentzat erabilgarria den tresna bat eskaini nahi dio gizarteari, agertoki digital batean jarduteko aukera emanez, diru-sarrerak sortuz eta audientzia berriekin konektatuz. Bizkaian sortu ondoren, datozen hilabeteetan lurraldean haztea du helburu, baita fundazioa dagoen nazioarteko hirietan ere. Plataformak hobekuntzak eta funtzionalitate berriak jasoko ditu denboran zehar, betiere FSNext osatzen duten artisten eta kultur erakundeen beharretara egokituta.